Igaralde errotara eta Txillida Lantokira bisitak eta Mirandaolako burdinola martxan, Lenburren proposamenak astebururako
Hiru kasuetan, erreserba egin behar da aurretik. Errota larunbatean ikusi ahal izango da, eta Txillida Lantokia igandean. Igandean, gainera, martxan jarriko dute burdinola.
Lenbur Fundazioak hiru jarduera antolatu ditu astebururako, eta Igaralde errotara eta Txillida Lantokira bisitak eta Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera eskaini du. Aldez aurretik erreserba egin behar da, mirandaola@lenbur.com helbidean edo 943 730 428 telefono zenbakian.
Asteburu hau larunbatean hasiko da, Brinkolako Igaralde baserrira eta errotara 16:30etik aurrera egin daitekeen bisitarekin. Igaralde Goikoan Ogiaren Txokoa museoa eta ogia modu tradizionalean nola egiten erakutsiko du bertako Tibur Agirrek, eta bisita Igaralde Behekoan dagoen errotarekin osatuko da.
Igandean, Mirandaolako burdinola martxan ikusteko aukera izango da, bi txandatan, 11:30ean eta 12:30ean. Esperientzia «berezia eta ikusgarria» izango dela agindu du Lenburrek, XVI. mendean burdina nola egiten zuten bertatik bertara ezagutu ahal izango delako. Amaieran, burdinolako txingarretan egindako txistor «ola-pintxoak» banatuko zaizkie bisitariei.
Igandeko bisita hau osatzeko, Txillida Lantokia eta Fabrika gunea bisitatzeko aukera izango da.













