Urbeltz pilotalekua itxita egongo da datorren astetik aurrera
Berritze eta hobekuntza lanak egingo dituzte. Margotu eta argiztapen sistema berrituko dute, besteak beste. Asteburuetan zabalik egongo da, pilota txapelketa herrikoia jokatu ahal izateko.
Urbeltz pilotalekua berritzeko eta hobetzeko lanak direla eta, kirol instalazio hori itxita egongo da hilaren 23ko astetik aurrera, obrak bukatu arte. Pilotalekuaren irudia eguneratzea eta bere egoera orokorra hobetzea da helburua.
Alde batetik, pintura lanak egingo dituzte, espazioari itxura berritua eta zainduagoa emateko. Bestetik, argiztapen sistema ere berrituko dute, eta egungo lanparen ordez LED argiak jarriko dituzte, eraginkortasun energetikoa handitzeko eta argiztapenaren kalitatea nabarmen hobetzeko.
Lanek irauten duten bitartean, pilotalekua itxita egongo bada ere, asteburuetan zabalik egongo da, herri mailako pilota txapelketako partidak jokatu ahal izateko.
Hobekuntza hauek instalazio “modernoago eta erosoago bat” eskaintzeko “urrats garrantzitsua” direla esan du udalak, eta sor daitezkeen eragozpenak barkatzeko eskatu die herritarrei.













