Gaurko ferian, argizariaren eta erretxinaren artean
Eguraldiaren eraginez, eta garaia ez delako aproposena, baratzetik kanpoko produktuak dira protagonistak.
Eguraldia izan da berriz ere azokako korroetan hizpide nagusi, batez ere azken egunetan egindako euriaren erruz. Lurrak bustita daudela, eguzkirik ez duela egiten, hezetasun handia dagoela… baratzak ez du ez aurrera ez atzera egiten, eta horren ondorioz, Plaza Nagusiko mahaietara ez da produktu berririk iristen, ez behintzat barazkirik.
Baina baratzetik iritsi ez arren, ia astero izaten da berritasunik ferian, eta gaur ere bai. Zuhaitzak txertatzeko erretxina izan da gaurko produktu berrietako bat, erleen argizariarekin batera.
Berritasunen artean,bestalde, perretxiko falta ere sartu da, Lasaren postuan ez delako izan batere, oliotan ontziratutako onddoak kenduta. Baina udaberria gerturatzen ari da, eta eguraldiak hobera egingo duen itxaropenarekin, atal mikologikorako etorriko dira egun hobeak, ziur.
Erretxina, txertaketak babesteko
Erretxina Aramako Maite eta Arantxa Zurutuza ahizpek zuten salgai. Etxean ikasitako errezetari jarraituz egindako nahasketa da, eta zuhaitzari adaska txertatzean, gune hori babesteko erabiltzen da. Erretxina, seboa eta pintura gorri hautsa dira osagaiak. Aspaldi hasi ziren egiten, Ordizian saltzen zuen denda bakarrak ateak itxi zituenean, eta urtero egiten dute ordutik, beti garai honetarako, oraintxe delako zuhaitzak, bereziki fruta arbolak, txertatzeko unea.
Txertatze lan horiek geroz eta gutxiago egiten direla esan dute bi ahizpek, eta ondorioz, erretxina ere gutxi saltzen dutela orain. Hala ere, urterokoa delako eta urtero baten batek eskatzen dietelako, aurten prestatu dute eta bi tamainako poteetan ontziratuta jarri dute salgai. Pote handia 11 euroan dago, eta txikia, 6,5 euroan.
Argizari garbiena, ukenduak egiteko
Bestelako nahasketa bat egiteko osagaia Jon Etxeberriaren postuan izan da salgai gaur goizean: erle-argizari laminak. Operkulu argizariarekin egindako laminak dira, argizari garbi-garbikoak, eta ukenduak egiteko erabiltzen dira batez ere. Lamina bakoitzak 35 gramo ditu gutxi gora behera, eta prezioa, 100 gramoko 4 eurokoa da.
Erlezain honek duela hilabete batzuk hasi zuen ezti salmenta kanpaina, eta dagoeneko barietate batzuk agortuta dituela esan du. Beste batzuk kristalizatuta dituela ere esan du, eta horiekin ezti krema da egitekotan laster. Hemendik aste pare batera emaitza salgai jarriko duela agindu du.
Loreak, eguraldiaren menpe
Eguraldiak loreen salmentan ere badu eragina, eta Iñaki Azanza eguzkiaren zain dago udaberriko eskaintzan erabat murgiltzeko.
Dagoeneko baditu urtaro horri begirako hainbat lora salgai, udaberriko lorea, hiazintoa edo nartzisoa bezala, eta gaurtik, baita krabelina ere. Lore txikiko landareak ditu momentuz, arrosa kolorekoak, eta bakoitza 5,5 euroan du.
Geranioekin laster hasiko dela iragarri du, baina esan bezala, eguraldiak aginduko du lore koloretsu horren iritsiera feriara.
Zaldibiako Lardizabal eskola, eta bideo grabaketa
Ia asteazkenero izaten da talde baten bisita Ordiziako ferian, eta gaur ere izan da bat, gertukoa, gainera. Zaldibiako Lardizabal eskolako ikasleek bisitatu dituzte goizean Plaza Nagusiko postuak, D’Elikatuz zentroaren eskutik, Lehen Hezkuntzako 45 ikasle inguru. Ohi bezala, gustura eta pazientziaz beteta hartu dituzte saltzaileek bisitari gaztetxoak.
Bestetik, ferian bideo bat grabatzen ari den talde bat ere ikusi da. Orain obretan dagoen D’Elikatuz berrian jartzeko ikus-entzunezko instalazio bat prestatzen ari dira.















