Kepa Lasa Beasain KE-ko lehendakaria: «Erreleborik ez badago, ez dago futbolik Beasainen»
Beasain KE-ko Zuzendaritza Batzordeak zuzendaritza utziko du. Hiruzpalau urte daramatzate lekuko aldaketa egin nahian.
Zaleak Loinatz zelaiko harmailetan, artxiboko irudian.Martxel Pita XX. mende hasieran sortutako Casino de Beasain elkartean du jatorria egungo Beasain Kirol Elkarteak. 120 urtetik gorako historia du beraz gaur egun herriko mutilen futbol taldeak batzen dituen klubak; alebinen, infantilen, kadeteen eta jubenilen taldeez gain, Lurraldeko Ohorezko Mailan talde bat du, eta gorengo taldea Bigarren Federazio mailan dago. Egungo Zuzendaritza Batzordeak erreleboa eman nahi du, baina ez du lekukoa hartuko dion talderik aurkitzen.
Erabakia hartuta dute, eta erreleborik ez balego, klubik ez legokeela azaldu du Kepa Lasa Zaldua lehendakariak: “Zuzendaritza gabe, klubik ez dago, ez dira taldeak inskribatzen. Erreleborik ez badago, ez dago futbolik Beasainen, Beasain Kirol Elkarte bezala behintzat”. Hiruzpalau urte daramatzate erreleboa eman nahian eta hori bideratzeko lanketa egiten; inor azaltzen ez bada, ez dute jarraituko: “Erabakia hartu dugu, urteetan landutakoa. Nik 10 urte daramatzat, baina badago beste taldekide bat 30 urte daramatzana”.
“Pentsatzen genuen jendeak konpromisoa izango zuela, baina kontaktatu ditugun denek ezezkoa eman digute”
Pasa den ostegunean bilera deitu zuten, gurasoei zuzenduta, erreleboaren inguruan hausnartu eta erabakiaren berri emateko, baina ez zen pentsatu bezain beste jende inguratu. Ezkor agertu da Lasa: “Pentsatzen genuen jendeak konpromisoa izango zuela, baina kontaktatu ditugun denek ezezkoa eman digute”. Lan boluntarioa da, eta horregatik eta “gaur egungo gizartea dagoen bezala” egonda, gurasoen bidez irudikatzen du Zuzendaritza Batzordeak lekuko aldaketa: “Naturalki horrela izaten da. Gurasoek behar dute izan dena modu boluntarioan delako; beste ikuspunturik ez dut ikusten”.
Trantsiziorako deia
Azken hiruzpalau urteetako lanketak ez du emaitzarik eman, ezta joan den osteguneko bilerak ere. Hurrengo pausoa ezohiko batzarra deitzea izango da. Bazkideak eta gurasoak deituko dituzte eta aurreko bilerak eman zuenaren berri emango dute ezohiko batzarrean. “Estatutuek horrela egiteko esaten dute”.
Azken hamarkadetan egindako lan eskergaren zama nabari dute, eta ez daude prest aurrera jarraitzeko. Ehunmilak trilogiarekin gertatutakoarekin paralelismoa egin du egoera azaltzeko Lasak: “Ehunmilakekin gertatu zen berdina da; nekea, konpromisoa urtez urte… eta erreleborik ez. Ehunmilak desagertzea izugarrizko pena da, baina jendeak ez badu ardura hartzen ezinezkoa da pertsona talde txiki bat beti bere bizitza guztian hori ematea boluntarioki”.
Egoerari irtenbide bat ematen ahaleginduko da Zuzendaritza Batzordea oraindik; hurrengo urratsa, ezohiko batzarra izango da. Balizko lantalde berriak trantsizioa izango duela azaldu du: “Gu hor egongo ginateke aldaketa egiteko. Erakusteko gaude, horrek ez du esan nahi etortzen denak berdina egin behar duenik, gero bakoitzaren esku egongo da”.












