«Lau pilotari profesional egotea Ataunen izugarrizko lorpena da»
Beñat Zubizarreta ataundarrak esku pilotako profesional mailan debutatuko du Azkoitiko Gurea frontoian, otsailaren 21ean, larunbatean. Ataungo laugarren pilotari profesionala da. Udalak autobusa antolatu du partidara joateko.
Beñat Zubizarreta ataundar pilotaria.Manex Usarralde Beñat Zubizarretak (Ataun, 2005) Baiko Pilota enpresarekin bi urterako kontratua sinatu zuen, urtarrilaren 14an. Orain, pilotarien profesional mailan debutatuko du Azkoitiko Gurea pilotalekuan, otsailaren 21ean, larunbatean. Ataungo kirol elkartean hasi zen pilotan eta Lazkaoko LAPKE klubean jarraitu du orain arte. Lesio larri batetik dator. Hala ere, Zubizarretak azken hilabeteetan emaitza onak lortu ditu. Gipuzkoako Binakako Txapelketa eta Zaldibarko Olazar Txapelketa irabazi ditu.
Larunbatean pilotari profesional bezala debutatuko duzu. Zer sentitzen duzu partidari begira?
Momentuz lasai nago. Badakit partida eguna gerturatzen doan heinean urduritasunak nabaritzen hasiko naizela. Baina oraintxe bertan lasai nago, gauza arrarorik egin gabe eta beti bezala entrenatzen.
Ander Imaz bikotekide eta Iñigo Bikuña eta Peio Etxeberria berriz aurkariak izango dituzu. Nola ikusten duzu partida?
Ander azken urteetan lehenengo mailan sendo dabilen atzelari bat da, oso ona. Ziur partidan zehar asko lagunduko didala. Aurkariak gogorrak dira. Peio lau eta erdiko txapelduna da, eta Bikuña berriz Serie B-n dagoen atzelari hobenetariko bat da.
Partida gogorra espero dut izatea. Nik uste maila handia eman beharko dugula partida irabazteko. Debuteko partidaz gozatzera aterako naiz frontoira eta emaitzari asko ez begiratzen saiatuko naiz. Hala ere, izugarria izango litzateke irabaziko bagenu.
Azkoitiako Gurea frontoian jokatuko duzue. Aurretik ezagutzen al duzu pilotaleku hori?
Bai. Aurretik pare bat aldiz jokatuta daukat eta egia esan oso gustuko dudan frontoia da. Gainera, nire aita azkoitiarra den aldetik ilusio berezia egiten dit han debutatzea. Berari ere seguru ilusio handia egiten diola.
Nondik datorkizu pilotarenganako zaletasuna? Nor izan dira zure erreferenteak?
Aita, osaba eta anaia pilotariak ditut. Hortaz, etxean txiki-txikitatik pilotaren bat inguruan izan dut. Etxean pilotazaleak gara. Hori dela eta 4 urtetatik pilotan jolasten nuen gehien. Nire kirolik gogokoena da. Txikitatik telebistan beti Olaizola eta Irujo ikusten nituen eta biak nire erreferenteak dira. Gero, Jon Ander [Albisu]
ere asko ikusi izan dut, herrikoa baita.
Aurreko urtean lesio larri bat izan zenuen. Zer lesio izan zenuen eta nola sentitzen zara orain?
Eskubiko hankako meniskoa eta lotailu gurutzatua hautsi nituen. Ondorioz, urtebete egon nintzen kantxetatik kanpo. Oraindik urte bat ere ez da berriz pilotan hasi nintzenetik. Aurreko uda zaila egin zitzaidan. Lesioaren aurretik nuen maila berreskuratu nahi nuen ahalik eta azkarren. Baina, urtebete jokatu gabe egon ondoren sentsazio onak berreskuratzeko denbora behar izan nuen. Udatik aurrera hasi nintzen maila hobea ematen, eta hor lortu nituen emaitza onetan ikusi zen. Oraindik goraka noala nabaritzen dut.
Aurreko uda zaila izan zenuela esan duzu. Momentu zail horietan alboan izan dituzunak gogoratu nahiko zenituzke?
Bai. Familia eta lagunak gogoratu nahiko nituzke. Azkenean, lesionatuta egon nintzenean hor egon ziren animoak ematen eta edozertan laguntzeko prest.
«Anaiak eta biok elkarren aurka jokatu beharko bagenu, etxekoek sufrituko lukete gehien»
Zure partidarako autobusa ere antolatu du udalak. Herriaren erantzun hori ikusteak zer sentiarazten dizu?
Herriaren erantzuna oso ona da. Uste dut autobus bat bete dela, eta beste bat ere ari dela betetzen. Herriak ilusioarekin hartu du. Aurretik beste hiru pilotari profesional bazeuden herrian eta laugarren bat izatea Ataun bezalako herri txiki batean lorpen handia da.
Orain lau pilotari profesional zaudete herrian, Jon Ander Albisu, Iraitz Zubizarreta (Beñaten anaia), Beñat Senar eta zu. Ataun bezalako herri txiki baterako zer suposatzen du?
Lau pilotari profesional egotea Ataunen izugarrizko lorpena da. Jon Ander ikusten hasi ginen denok debutatu zuenean, ondoren Iraitzek eta gero Beñat Senarrek. Beraiei begira jakin nuen nire ametsa ere pilotari profesionala izatea zela. Niretzat herriko laugarrena izatea oso pozgarria da.
Iraitz Zubizarreta zure anaia ere pilotari profesionala da, 2020tik. Nola gogoratzen duzu bere debuteko eguna? Nola daramate etxekoek bi pilotari profesional etxean edukitzea?
Asko poztu nintzen berarengatik, bera orain niregatik asko poztu den bezala. Azkenean anaia dut. Ataunen Jon Anderrekin debutatu zuen, eta Bengoetxea eta Arangurenen aurka irabaztea lortu zuten. Covid-19 garaia zen.
Etxekoak ere ilusioz eta pozez hartu dute. Orain, egia da aukera dagoela elkarren aurka jokatzeko… Anaiak eta biok elkarren aurka jokatu beharko bagenu, etxekoek sufrituko lukete gehien.












