Ordiziako San Jose adinekoen egoitzako langileak kalera atera dira
Greban daudenetik patronalen aldetik “aurrerapausorik egon ez dela” salatzeko atera dira kalera. Urtarrilaren 24tik greba mugagabean daude. Zumarragako Argixaoko langileek dagoeneko ehun greba egun egin dituzte.
Olano paretik plaza nagusiraino mobilizatu dira langileak. Izaro Villarreal Ordizian asteazkenetako azokek erakartzen duten jendetza baliatuta eta euren borrokaren ikusgarritasuna handitzeko asmoz, greba mugagabean dauden San Jose adinekoen egoitzako langileak kalera atera dira gaur ere. Iaz hasi ziren grebarekin, eta denbora guzti horretan “aurrerapausorik egon ez dela” salatzeko atera dira kalera. Berrogei greba egun egin dituzte, eta urtarrilaren 24tik greba mugagabean daude. Zumarragako Argixao egoitzako langileek ere dagoeneko ehun greba egun egin dituzte. Bertako langile batzuk ere izan dira gaurko mobilizazioan.
Olano parean egin dute hitzordua, eta bertatik abiatu dira hamarnaka emakume. Ordiziako plaza nagusian amaitu dute ibilbidea, eta Ana Mertxan Zabaletak hartu du hitza. Azaldu du patronalekin egoera “oso gaizki” dagoela: “Iaztik hona ez da aurrerapausorik eman, eta politikoki erakutsi duten inplikazioa ere eskasa izan da”.
Langileen aldarrikapenen artean daude, besteen artean, %100eko lan kontratuak, ratioen igoerak eta soldata arrakalarekin amaitzea. “Gure egoiliarrak ondo zaintzeko ratioen igoera eskatzen dugu, bai eta %100eko lan kontratuak ere, kalitatezko zaintza bat ematea bermatzeko”, azpimarratu du Mertxanek.
Egoerak hobera egin ezean, “borrokan” segiko dutela ziurtatu du: “Ikusten dugu irtenbide bakarra greba egitea dela, eta horretan segiko dugu pretentsio guztiak lortu arte”.
Zortzigarrena bidean
Denera, zazpi zahar-etxeetako langileak dira greba mugagabean daudenak: Ordiziako San Jose (Clece mayores), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia), Oreretako Jesusen Bihotza (Eulen Soziosanitarioa), Donostiako Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), Donostiako Txara II (Bihar Gipuzkoa), Donostiako La Paz (GSR) eta Zumaiako San Juan (Clece mayores). Berehala, zortzigarren egoitza bat gehituko zaio greba mugagabeari: Oreretako San Marcos egoitza.













