Bertan da Legazpi Winter Pride asteburua
Odik izango da protagonistetako bat, larunbatean Kukue tabernan eskainiko duen ikuskizunarekin. Zinemak, sagardotegiko bazkariak eta bisita turistikoek osatuko dute LGTBI+ kolektiboaren harrotasuna aldarrikatzeko ekitaldien egitaraua.
Legazpi Winter Pride asteburua hastear da. Bihartik igandera, LGTBI+ kolektiboaren topagune bihurtuko da herria, eta kolektibo horren harrotasuna aldarrikatzeko ekitaldi ugari izango dira. Festaren laugarren edizioa izango da, eta herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera.
Ostiralean izango da irekiera, Latxartegi zineman. Zine Klub Legazpirekin elkarlanean, Pride filma eskainiko dute antolatzaileek 19:00etan. Sarrera librea izango da. Ondoren, afaria izango da Latxartegi jatetxean, zinema ondoan.
Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute. Hasteko, Ordiziara joango dira, hango Tximista sagardotegian bazkaltzera, baina bazkalondoa Legazpin igaroko dute, eta poteoan ibiliko dira arratsaldean. Gauean izango du segida festak, Kukue tabernan, 23:00etatik aurrera. Odik abeslari legazpiarrak Bonjour ikuskizuna eskainiko du bertan, eta ondoren DJ Konbe arituko da musika jartzen, goizaldera arte.
Igandea izango da harrotasun asteburu honen azken eguna, eta kanpotik jende asko etorriko denez ospatzera, horiei begira bisita turistikoak prestatu dituzte, herria ezagutu dezaten. Hala, 11:00etan Mirandaolako burdinola ikustera joango dira, eta 16:30ean Tradiziotik modernitatera bisita egingo dute, Txillida Lantokira, Fabrikara, 50. hamarkadako eskolara eta Langileen etxebizitzara. Bazkaria ere egingo dute, Katilu jatetxean.













