Legazpiko Gizarte Zentroko pintxo-potea, belaunaldi desberdinak elkartzeko amua
Pintxo-potearen aitzakian, adin askotako herritarrak elkartzen dira ostegunetan. Hainbestetan aldarrikatu den belaunaldiartekotasunari bidea ireki diote horrela.
Pintxo-potea azken urteetan bogan dagoen fenomenoa da. Astegunetan ostalaritzari pizgarri bat emateko asmoz sortua, herri guztietan egiten da, auzoka eta kaleka banatuta hainbatetan. Legazpin ere ezaguna da: asteazkenetan Hegialden egiten da, ostegunetan erdigunean, eta lehen, ostiraletan, Aizkorri kalean.
Erdiguneko pintxo-poteak badu berezitasun bat, azken hilabeteetan geldiune berria erantsi zaiolako tabernaz-taberna tragoa eta pintxoa hartuz egiten den ibilbideari. Latxartegi parkearen ondoan dagoen Gizarte Zentroko taberna da, garai batean, eta oraindik ere, Jubilatuen Etxea deiturikoa. Eta berezitasuna da, pintxo-poteak eraginda, gazteak inguratu direla tradizioz pertsona helduentzako den espazio horretara. Kuadrilla ugari hurbiltzen dira taberna horretara ostegunero, bertako pintxo eta errazio eskuzabalak erakarrita.
Argi dago pintxo-poteak azkenaldian hainbeste entzuten den belaunaldi artekotasunari bidea ireki diola Legazpin.
«Pintxo oso onak»
Joan den astean pintxo bat baino gehiago eta barrengorri errazioak zeuden aukeran Aitor Imaz hondarribiarrak iazko abuztu bukaeratik gidatzen duen tabernan. Barrengorriak «ederrak» zeudela esan zuten tabernako mahai batean eserita, pote bat hartzen ari ziren sei gazteek. Gizarte Zentrora ahal duten ostegun guztietan joaten direla esan zuten, «jende asko etortzen delako, pintxoak oso onak daudelako eta oso ondo tratatzen gaituztelako».
Imazek gustura entzun ditu halako loak. «Oso gustura» daude tabernak ostegunetan izaten duen martxarekin, «adin guztietako jendea etortzen da, asko gainera». Joan den astean 400 errazio barrengorri atera zituen, eta bukatu zirenean, tortilla batzuk egin eta pintxoak prestatu zituen. «Astetik astera igotzen ari da kopurua!». Gaurko, oilasko hegalak prestatuko ditu, kilo mordoa erosi zituen atzo.
Errazio eta pintxo horiek erakarrita, taberna barrua bete egiten zaio ostegunero, eta eguraldi ona bada, baita kanpoko terraza ere. Ondoan dagoen Latxartegi jatetxeko terrazan Idoia Uribetxeberriak tragoarekin batera ateratzen dituen pintxoen bila joaten direnekin, giro ederra izaten da inguru horretan.
Buztintegikoak ere, «gustura»
Gizarte Zentroan egoitza duen Buztintegi jubilatu eta pentsiodunen elkarteko kideak ere «oso gustura» daude taberna honek ostegunetan izaten duen martxarekin. Iñigo Alberdi elkarteko lehendakariak adierazi duenez, «mugimendua egotea guztientzat mesedegarria da», eta erantsi du horixe dela, hain zuzen, Gizarte Zentroaren eginkizuna: «herritar guztientzako espazio bat da, eta denak dira ongi etorriak». Tabernara jendea joatea elkarteari komeni zaiola nabarmendu du, horrela zerbitzua zabalik mantenduko delako., «eta taberna zabalik badago, guztientzat da ona».
«Gizarte Zentroa herritar guztientzat da, eta denak dira ongi etorriak»
Ostegunak dira gazteen egunak Gizarte Zentroan, baina ez bakarrak. Alberdik dio «merendolak» ere egiten direla bertan, eta oso gertu dagoen ikastolatik ere joaten direla ikasle batzuk goizetan atseden orduan. Lehendik dagoen ohitura da hori, eta horregatik pintxo-potera joaten diren gazteetako askok ezagutzen zuten aurretik taberna jori.
Jatetxe zerbitzua ere ematen du, eta jubilatuak eta pentsionistak ez direnak ere joaten dira eguneko menuak erakarrita. Gainera, espazio handia izanda, talde handientzako bazkariak eta afariak ematen dituzte bertan, «eta gazteek badakite hori» esan du Alberdik.
Gizarte Zentroa berez mugimendu eta jarduera handia duen gunea da, baina jubilatuek eta pentsiodunek erabiltzen dute batez ere. Orain, pintxo-poteaek erakarritako gazteekin, adin esparrua ireki du. Gazteenei zuzenduta bestelako jarduerak eskaintzea da orain erronka.l













