Aurrera doaz Altzagan ostatu berria eraikitzeko lanak
Amaitu dute aurreneko fasea, eta bigarrenari ekingo diote aurki; udarako amaitzea espero da. Herritarren topagune eta herriaren pizgarri izatea nahi dute.
Altzagako udaletxea.Aimar Maiz Urte luzez sona handiko bi jatetxe izan dira Altzagan: batetik, Altzagaraten kokatutako familiarteko jatetxea, eta bestetik, herriko sagardotegia. Biak urte askotan zabalik egon arren, jubilazioagatik itxi zituzten: lehena pandemiaren garaian, duela bost edo sei urte, eta bigarrena duela ia bi urte.
Itxiera horrek herriaren bizitasunean eragin nabarmena izan duela azaldu du Maite Garmendia alkateak. “Jende asko erakartzen zuten, eta ez bakarrik Goierritik; Donostia aldetik ere etortzen zenik bazen. Itxi zituztenetik, herritar asko Ordiziara jaisten hasi dira gero eta gehiago”, adierazi du.
Egoerari buelta eman eta herriak galdu duen dinamismoa berreskuratzeko asmoz, udalak ostatu berri baten proiektuari heldu dio. Aspalditik buruan zuten udaletxe azpiko espazioa egokitzea, eta aurtengo legegintzaldian erabaki dute egitasmoa martxan jartzea. Iazko urrian ekin zioten lehen faseari, eta uda baino lehen amaitzea espero dute.
Proiektua bi fasetan banatu dute. Lehenengoan, aurretik zegoen guztia eraitsi eta berrantolaketa lanak egin dituzte. Bigarrenean, berriz, altzariak, leihoak, ateak eta bestelako elementuak jarriko dituzte. Lehen faseak hiru hilabete iraun du, eta laster hasiko dira bigarrenarekin.
Herritarren topagune
Orain arteko lanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Garapen Proiektuak programaren laguntzarekin finantzatu dituzte, eta bigarren faserako ere laguntza bera eskatuko dute. Horrez gain, Foru Funtsen bidez jasotako dirua ere baliatuko dutela jakinarazi du alkateak. “Garai batean diru-laguntzak herri handietara bideratzen ziren batez ere, baina urteetako ahaleginaren ondorioz herri txikiek ere aukera gehiago ditugu. Orain baliabide gehiago ditugu, eta uda aldera proiektua amaituta egotea espero dugu”, azaldu du.
Ostatu berria herritarren topagune izatea nahi dute. Turismoari ere bultzada emango diotela aurreratu du alkateak: “Inguruan mendi ibilbide polit asko daude, eta helburua da bisitariek buelta egin ondoren ostatuan bazkaltzeko aukera izatea”. Gainera, tokiko ekoizleei ere lekua egin nahi diete. “Altzagan bertan badugu ekoizle bat, eta haren produktuak ostatuan salgai jartzea da asmoa”, gaineratu du.












