Lurraldebusek "bere historiako urterik onena" itxi du Goierrin GO07 abian jartzearen ondorioz
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, %32,44 igo da autobusaren erabilera eskualdean 2025ean, Gipuzkoako igoerarik handiena.
Azahara Dominguez Mugikortasun diputatua eta Fernando Prieto Mugikortasun zuzendaria.GFA Gipuzkoako Foru Aldundiak jakitera eman duenez, Lurraldebusek “bere historiako urterik onena” itxi du Goierrin, GO07 linea abian jartzearen ondorioz. Lehen aldiz, milioi bat bidaia gainditu dira 2025ean. Eskualdea eta Donostia lotzen dituen linea izan da aldundiaren esanetan igoeraren arrazoia, Goierrin igo baita gehien autobusaren erabilera Gipuzkoan.
2024ko erregistroekin alderatuta, %32,44 igo da autobusaren erabilera Goierrin. Datuei erreparatuta, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurraldeko Antolaketako diputatuak zehaztu du GO01 (Zegama-Segura-Idiazabal-Olaberria-Beasain-Ordizia-Zaldibia) erabili dela gehien, 429.809 bidaiarekin; ondoren, GO04 (Legorreta-Itsasondo-Ordizia-Beasain-Lazkao-Atun) izan da erabiliena, 309.688 bidaiarekin; eta ondoren, GO05 (Lazkao-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Ezkio-Itsaso-Zumarraga), 260.139 bidaiarekin.
GO07 lineari dagokionez, apirilaren 28an jarri zen martxan, eta zortzi hilabetetan 232.427 bidaia egin ditu. “Hazkunde horrek agerian uzten du Urola Garaiko eta Goierriko herritarrei Donostiarekiko errepideko lotura bermatzea beharrezkoa zela”, azpimarratu du diputatuak. “Erabateko arrakasta izan da”.
Erabiltzaileen %63,97 emakumeak izan dira, eta %36,03 gizonak.
68,4 milioi euroko aurrekontua
2025ean garraio publikoaren aldeko “apustua” egin zuen aldundiak diputatuaren hitzetan, 61 milioi euroko aurrekontuarekin Lurraldebusen: “Zerbitzua hobetzeko eta GO07 bezalako linea berriak eskaintzeko. Gainera, errefortzuen eta zerbitzu berezien aldeko apustuari eutsi diogu eta gure autobusak berritzeko inbertsio handia egin dugu. Horrek guztiak gure historiako urterik onena ixteko aukera eman digu, eta garraio publikoa gipuzkoarren lehentasunezko aukeran finkatzeko jarraitu behar dugun bidea hau dela adierazten digu”.
2026an zerbitzuak “zabaltzeko eta hobetzeko lanean” jarraitzeko konpromisoa azaldu du. Lurraldebusen aurrekontua 68,4 milioi eurokoa da aurtengorako: “Inoiz ez du horrenbesteko inbertsiorik izan Gipuzkoako garraio publikoak, eta apustu horri esker, helarazten ari zaizkigun premiei aurre egiteko aukera dugu, gainerako erakundeekin, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan arituz”, amaitu du.












