Osinalderen lehen aizkora desafioa, Zumarragan
Unai Etxeberria ‘Osinalde’ ezkiotarrak aizkora apustua jokatuko du martxoaren 21ean Beloki pilotalekuan. Igon Pikabea izango du lagun, eta aurkari Etxarri-Aranazko Erdoziatar lehengusuak.
Unai Etxeberria 'Osinalde', Joxe Ugarteburu eta Igoin Pikabea, otsailaren 7an Ezkioko Pagoaga baserriaren atarian egindako argazkian.Gotzon Aranburu Hogei kanaerdiko zeinek lehenago ebaki. Horixe lau aizkolari gaztek urtarrilaren 2an Etzegarate gaineko (Idiazabal) Alai jatetxean adostutako jokoa, laurentzat aurrenekoa. Unai Etxeberria Osinalde (Ezkio, 2006) eta Igoin Pikabea hernaniarra (Pikabea III.a) ariko dira batetik, eta Etxarri Aranazko Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide lehengusuak bestetik. Apustua martxoaren 21ean izango da Zumarragako Beloki pilotalekuan. 4.000 euro daude jokoan.
Tratua itxi zutenetik, aizkora desafioa herri kirol zaleen ahotan dago, eta gazteak berealdiko gogoarekin ari dira jokoa prestatzen. Astean bi saio «luze samar» egiten dituzte aizkoran, bat Joxe Ugarteburu aizkolari ohiaren baserrian, Ezkioko Pagoagan, eta bestea Ereñotzun, Pikabearenean. «Hala daukate jardun beharra, bata bestearenera joanez. Ondo ikusten ditut», nabarmendu du Ugarteburuk.
Gorputzaldi aldetik «inoiz baino hobeto» sentitzen da Osinalde. «Iraupen aldetik lehen bete egiten nintzen, baina orain gorputza landu egin dut, eta bai fondoz eta bai indarrez hobeto sentitzen naiz». Astean bitan aizkorarekin egindako lansaioak gimnasioarekin eta mendi-bueltekin uztartzen ditu ezkiotar gazteak.
Aurretik datorren lehia
Bi-hiru urte egin beharra dago atzera hilabete barru jokatuko den apustuaren nondik norakoez hitz egiteko. 2023an, Egur Sport elkarteak antolatutako gazteentzako binakako Urrezko Aizkoran txapela jantzi zuten Osinaldek eta Pikabeak, Erdoziatar lehengusuei alde txikia aterata. «Orduan esan ziguten joko bat egiteko, baina oso gazte ikusten genuen gure burua, eta ez ginen animatu», gogoratu du Ezkioko aizkolari gazteak. Urrian 20 urte beteko ditu Osinaldek, eta Pikabeak otsailaren 11n egin ditu 21.
«Badugu ‘pike’ pixka bat, eta etxarriarrek berriz bota digute jokoa. Oraingoan animatu egin gara»
Unai Etxeberria ‘Osinalde’. Aizkolaria
Bada desafio honen zergatia ulertzeko beste aldagai bat ere. Aizkolari gazteentzako txapelketarik eza. «Lehen Egur Sport genuen, eta Bengoak ateratzen zituen gazteak, baina orain ez dago halakorik. Neguan ez daukagu ezer, eta egoera horren aurrean, etxarriarrek berriz bota digute jokoa. Lehendik ere pike bat pixka bat ere bagenuenez, animatu egin gara oraingoan. Liskarren bat izan dugu, baina ondo moldatu gara».
Gazteei laguntzeko prest
Ugarteburuk honako hausnarketa egin du: «Orain hasi da bakarkako txapelketa, baina zortzi aizkolarirekin bakarrik. Horiek denak Bengoak ez bazituen atera… Gaztetan lagundu egin zitzaien, eta orain atera egin dira: Txikia, Larrañaga, Ezpeleta, Vicente bera ere bai… Hor alferrik da. Gazteekin lanik egiten ez bada, hutsune bat dator, eta urte horietan laguntasunik ez badago, adin horretako mutilak zaila dauka bere kasa joko bat egiteko. Ez bada gazteekin lan egiten, etorkizunean hutsunea dator. Lehen ere gertatu zen hori, eta horrexegatik heldu genion desafioari».
Erakuslearentzat «poztekoa» da lau falta halako plaza batean ikustea: «Gustura ari naiz, beti gazteei laguntzeko prest, beti». Sakandarrek hogei kanaerdiko desafioa jarri zuten, eta ez ziren hortik mugitzen. «Hauentzat lan txikixeagoa balitz, igoal hobetoxeago. Baina orain konforme gaude. Mahaitik mugitu izan bagina, atzetik beste bi zeuden jokoa egiteko prest, eta aurrera egin genuen. Orain ez daukagu damurik. Lanean ondo ari dira, eta nik uste hogei kanaerdikoak ebakiko dituztela».
«Lan txikixeagoa balitz, hauentzat hobetoxeago igoal. Baina orain konforme gaude, damurik gabe»
Joxe Ugarteburu. Aizkolari izana eta erakuslea
Desafio «mordoxka» bat jokatua da Ugarteburu, eta «lasai hartzeko» aholkatzen dio Osinalderi. «Jokoa egindakoan bi aukera egoten dira, galdu ala irabazi. Baina etxean egonda ez dago ezer ere, eta horrelakoekin irtenbide bat bilatzen dugu bera hazteko». Lehen desafioaren «arriskuez» ere ohartarazi dio. «Nerbioak egoten dira, eta ez da txapelketa batean bost lagun plazara ateratzen direnean bezala. Jarritako lana karga pixka bat bada hauentzako, baina ibiliz ikasten da, eta hortik daukate saiatu beharra».
Zumarraga, gertuko plaza
Desafioa Zumarragara ekarrita pozik daude biak ala biak. «Udalak asko lagundu digu, erraztasun guztiak eman dizkigu. Babesleak eta inguruko jendea ere ari zaigu laguntzen». Sarrerak aurrez erreserba daitezke –egun bereko 17:30ak arte gordeko dituzte–, edo bestela egun berean erosi. Frontoia 16:30ean irekiko dute, eta autoak aparkatzeko La Salle-Legazpi ikastetxeko kantxa egokituko dute.

AIZKORA DESAFIOAREN DATUAK
- Aizkolariak: Unai Etxeberria ‘Osinalde’ (Ezkio) eta Igoin Pikabea III.a (Erenotzu, Hernani) / Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide (Etxarri-Aranatz).
- Egin beharreko lana: Hogei kanaerdiko, txanda librean.
- Jokoan: 4.000 euro.
- Eguna: Martxoak 21.
- Lekua: Zumarragako Beloki pilotalekua.
- Ordua: 18:00.
- Sarreraren prezioa: 25 euro.
- Sarreren erreserbak: 688 634 167.

Bi bailaren arteko mugako jatetxean itxitako tratua, Pello Iparragirre notario zela
Sakanako Guaixe aldizkariak tratuari buruzko hainbat datu plazaratu zituen urtarrilaren azkenean. Lau aizkolariak urtarrilaren 2an elkartu ziren Etzegarateko Alai jatetxean, eta desafioa jokatzeko tokian ez beste arloetan ados jarri ziren.
Luis Mari Bengoa zen notario lanak egitekoa, baina haren ordez Pello Iparragirre aritu zen. Bi aldeek jarritako baldintzak jaso zituen idatzita, eta adostutakoa sinatu zuten. Atzerapena eskatuz gero, eguneko 50 euroko isuna izango dute eskatzaileek.
Tratu egunean 500na euroko seinalea jarri zuten, urtarrilaren 31n 1.000na eurokoa, eta martxoaren 14an jarriko dute azken zatia.
Apustu egunean, goizean (09:00-12:00) eraman beharko dituzte egurrak frontoira, eta federaziokoek neurtuko dituzte. Alde bakoitzak hogeina kanaerdiko jarriko ditu.












