XX. mendeko Lazkaoko arrantzaleen bila
1930 eta 1970 artean bakailao-ontziek Ternuara (Kanada) egindako espedizioetan ibili ziren lazkaotar batzuk. Lazkaoko Udalak pertsona horien inguruko informazioa eskuratzen laguntzeko deia egin die herritarrei.
Eustakio Arrinda Aranbururen Abrego bakailao ontzia.Hitza Bakailao-ontziek 1930 eta 1970 artean Ternuara (Kanada) egin zituzten espedizioetan lazkaotar batzuk parte hartu zuten. Eustakio Arrinda lekeitioarra Abrego itsasontziaren kapitaina zen eta Iñasi Albisu lazkaotarrarekin ezkonduta zegoen. Arrindak herriko hainbat gazte lan «zail» horretara bultzatu zituela adierazi du Lazkaoko Udalak: «Garai hartan ez zen ohikoena barnealdeko gazteak itsasora arrantzara joatea». Lazkaoko 30 gazte inguruk 1930 eta 1970 artean Ternuara arrantzara joan zirela estimatzen da. PYSBE enpresak antolatzen zituen arrauntza-espedizioetako itsasontzirik «ezagunenetariko» bat zela Arrindarena dio Lazkaoko Udalak.
Berreskuratze taldea
Kolaboratzaile talde bat gazte horien historia berreskuratzen saiatzen ari da. Lazkaoko Udalak azaldu du ikerketa honek elkarrizketak, testigantzak, dokumentuak, garaiko argazkiak, kontakizunak eta pasadizoak «biltzen» dituela. Albisu eta Arrindaren arteko «lehen topaketatik» hasita, herritar gazte horien historia «zehatz-mehatz» jasotzea du helburu. Halaber, «zinema proiekzio» bat edo «erakusketa» bat antolatzeko asmoa du Udalak: «Lazkaoko bakailaoen ondarea ezagutaraztera eraman nahi dugu».












