Adriana Real Espainiako judo txapelketara sailkatu da, Galiziako Kopa irabazita
Espainiako Kopako hamar probetatik bost egin ditu oraingoz, eta dagoeneko lortu ditu txapelketara joateko beharrezko puntuak. Bost probetan domina irabazi du.
Judo Legazpi klubeko Adriana Realek Santiago de Compostelako Judo Kopa irabazi du Galizan (Espainia) asteburuan, +63 kg emakumezkoen kategorian. Garaipen honekin zuzenean sailkatu da apirilaren 18an eta 19an Palma de Mallorcan jokatuko den Espainiako Haur Mailako Txapelketan parte hartzeko.
Espainiako Kopako hamar probetatik bostetan hartu du parte Realek denboraldi honetan, Madrilen, Extremaduran, Kantabrian, Aragoin eta Galizian, eta bost proba horietan lortutako emaitzak eta 230 puntuak nahikoa izan dira Espainiako txapelketarako sailkatzeko. Bost probetan domina lortu du: Madrilen brontzea, Extremaduran zilarra, Kantabrian brontzea, Aragoin brontzea eta Galizian urrea.
Espainiako Kopatik aparte, Realek Gipuzkoako Federazioak antolatutako bi jardunaldi sailkatzaileetan ere parte hartu du, eta bietan lehenengoa sailkatu da. Hirugarren eta azken jardunaldia jokatzeke dagoen arren, dagoeneko Gipuzkoako txapelduna da matematikoki, eta horrek Euskadiko Eskolarteko Txapelketarako sailkapena eman dio. Txapelketa hau martxoaren 28an eta 29an jokatuko da Oiartzunen.
Judo Legazpi klubeko arduradunen esanetan, «Adriana denboraldi bikaina egiten ari da, eta espero dugu Euskadiko zein Espainiako txapelketetan emaitza bikainak lortuz borobildu ahal izatea»












