Afrikako jatorria duten doinuak Legazpiko Gaztetxean
Larunbaterako jaialdia antolatu dute musika mota horrekin. Bi taldek zuzeneko emanaldia egingo dute, eta bi disko jartzaileen eskutik "pintxada" pare bat ere izango dira.
Jokin Pinilla eta Igor Baigorri, Gazte Asanbladako musika batzordeko kideak, Gaztetxeko atarian.Jon Unzurrunzaga Legazpiko Gaztetxea oso aktibo dabil azken hilabeteetan, eta Afrikako jatorria duen musikari eskainitako eguna da hurrengo proposamena. Larunbat arratsalde eta gauerako, jaialdia antolatu dute Gazte Asanbladako kideek, zuzeneko kontzertuekin eta DJ saioekin.
Gazte Asanbladako kontzertu eta musika batzordea arduratu da antolaketaz, Jokin Pinilla eta Igor Baigorri arduradun nagusiak direla.
Iaz Jamaika Eguna izenarekin antolatu zuten festaren segida izango da larunbatekoa, «baina aurten ez diogu izen hori eman, jamaikar erritmoak baino gehiago eskainiko dugulako. Jamaikak musika afrikarretik edan du lehenago, Estatu Batuetara esklaboek eramandako musikatik, eta larunbateko festan hortik eratorritako musika estilo desberdinak izango dira».
Bi talde eta bi DJ
Hala, arratsaldean, senegaldarrez osatutako Afrika Mandeng taldeak joko du, 19:30etik aurrera. Perkusioa oinarri duela, Senegalgo musika tradizionala eta herrikoia eskainiko dute hauek. Legazpin aurretik izandako taldea da, Kukue eta Keta herrian bizi da gainera partaideetako bat.
Bigarren taldea Treverb da, eta gauean joko du 22:00ean hasiko den Young Buster dj-aren saioaren ondoren. Jaialdia amaitzeko, Suber Namesakes & Dandy Etxebesteone izango dira musika jartzen.
Bi talde eta bi DJ hauen emanaldiekin, reggae, ska eta rocksteady doinuek hartuko dute Gaztetxea larunbat arratsaldean eta gauean. «Ez dira gaztetxeetan asko entzuten diren musika estiloak, egia esan, baina txosnetan askotan jartzen dituzte, eta Euskal Herrian talde dezente daude horiek jotzen dituztenak».
Musikaren transmisioak duen balio politikoa
Ildo horretan bi Gazte Asanbladako kide hauek esan dute musika mota honek baduela bere presentzia Euskal Herrian, «baina bere transmisioari ez zaio eman balio politikoa, transmisio hori beti egon delako lotuta testuinguru politiko eta borroka politiko bati. Jamaikan, Estatu Batuetan eta Afrikan musika hori politika egiteko eta eraldatzeko tresna gisa erabili da, eta Gaztetxean ere badugu sinesmen hori, musika horretarako tresna dela sinisten dugu eta hasi behar dela azpiratutako kolektiboetatik, muturreko arrazismoaren aurka eta inklusioaren alde egiteko».













