Argazkiak, kontzientziaziorako eta elkartasunerako bide
Jose Angel Moralesek ‘Belchite’ erakusketa du ikusgai Kultur Etxean. Gerraren ondorioez sentsibilizatu nahi ditu herritarrak argazkiekin. Erakusketako argazkiekin Nagusilanen aldeko dohaintza egiteko aukera dago.
Argazki bilduma berezia dago ikusgai Legazpiko Kultur Etxeko erakusketa aretoan joan den ostiraletik martxoaren 6ra arte. Belchite, zuri-beltzeko memoria du izenburua, eta Jose Angel Morales zumarragarra da egilea.
Berezitasuna, bere bi helburuek eman diote erakusketa honi: gerraren ondorioz kontzientziatu nahi du alde batetik argazkilariak, eta Nagusilan elkarteari herritarrek elkartasuna adieraztea, bestetik.
Zuri-beltzezko irudiak
Zumarragan bizi da aspaldi Jose Angel Morales, baina Jaengoa (Andaluzia, Espainia) da jatorriz. Handik ekarri zuen argazkiak egiteko zaletasuna. «Oraindik erabiltzen dut nire lehen kamera, Zenit bat, 16-17 urte nituenean erositakoa», azaldu du. «Analogikoa da, eta karreteak erabiltzen ditut argazkiak egiteko, kolorezkoak edo zuri-beltzezkoak».
Baina azken aldian denbora gehiago eskaintzen dio zaletasun horri, eta horren emaitza izan da Belchite. «Argazkigintza dokumentala gustatzen zait, gauzak salatzeko, edo jendea kontzientziatzeko». Eta horixe da zuri-beltzezko argazkiz osatutako bilduma honen helburuetako bat. Aragoiko Belchite herria (Espainia) gerraren hondamendiaren ikur bihurtu da, eta 36ko Gerran goitik behera suntsitu eta gero, geratu zen moduan dago gaur egun. Erdi zutik edo erdi erorita dauden eraikinei argazkiak aterata, «orduan bizi izan zutena, eta gaur egun beste toki batzuetan bizi dutena erakutsi nahi dut».
Horretarako, gastatutako zuri-beltzaren teknika erabili du, «urte haietara hobeto eramaten gaituelako». Eta zuri-beltza aukeratu du, «indar handiagoa» dutelako horrela argazkiek. Errealismoaren aldekoa ere bada, gainera, «askotan argazkiak egitean perfekzioarekin eta irudiaren gardentasunarekin tematzen gara, baina nik beste ikuspuntu batetik egiten ditut, jendeak nik esan nahi dudana ikusi dezan, teknikari ia erreparatu gabe».
Emaitzarekin pozik dago Morales, baita erakusketak izan duen harrerarekin ere. Beasainen aurkeztu zuen lana duela hilabete batzuk, Aterpe tabernan, eta arrakasta handia izan zuen, «ez nuen espero, egia esan». Orain Legazpiko Kultur Etxean dago ikusgai, 31 argazkiz osatuta, eta beste toki batzuetan ere erakutsiko du ondoren.
Nagusilanen alde
Legazpira, Nagusilan elkartearen bidez iritsi da Belchite. Morales kidea da, eta argazkien kopiekin Nagusilani dohaintza egiteko bidea eskaini die herritarrei. Argazki baten kopia 40 euroan baloratu du, eta birena, 60 euroan. Diru hori zuzenean joango da Nagusilan elkartera.
Modu horretara, erakusketaren bigarren helburua betetzen du argazkilari honek, elkartasunarena.
Moralesek baditu afizio gehiago argazkigintzaz gain, eta irakurtzea eta idaztea ere oso gustuko ditu. Duela gutxi, Nagusilan elkarteak antolatutako idazlan laburren lehiaketan finalista izan zen, Alzheimerrari buruz idatzitako lanarekin, gaixotasuna duen baten ikuspegitik. Poemak ere baditu idatzita, eta agian egunen batean argitaratuko ditu.












