Bidegorriak itxita jarraitzen du Legazpi eta Urretxu-Zumarraga artean
Laster irekiko dute obrengatik itxi duten CIEtik Lekuona baserrira arteko tartea. Aste honetan industria eremua zeharkatuko duen tramua Legazpitik behera doan zatiarekin lotzeko lanak hasi dituzte Urola kalean, eta errepideko errei bat itxi dute.
Legazpi eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen bidegorriaren zati batek itxita jarraitzen du, industria gunetik Lekuona baserrira arteko tartean. Udalak jakinarazi duenez, bertan hartune elektrikoetan egiten ari diren lanak amaitutakoan, bihar bertan irekiko dute tarte hori.
Aste honetan, bestalde, hasi dituzte bidegorri horren trazatua behin betiko aldatzeko lanen azken faseko obrak Urola kalean. CIE lantegiaren barrutik igarotzen den bidegorri zatia arriskutsua zela eta, SIDENOR-en industria eremu barrura aldatuko da. 774 metroko tramua izango da guztira, eta azken loturak egitea falta da. Legazpi aldera Urola kalean dagoen lotura egiteko lanak dira orain egiten hasi direnak.
Lanen ondorioz, errepideko errai bat itxi egin dute, eta zirkulazioa semaforo baten bidez ari dira arautzen.
Industria eremu barruan dagoeneko egindako dagoen bidegorri zatiarekin lotzeko tarte berriak 230 metro inguruko luzera izango du, eta GI-2630 errepidearekin paraleloan joango da, Legazpitik behera datorren lehengo bidearekin bat egin arte, CIEren kalearen parean. Espaloiaren gainean egingo dute bidea, galtzada baino altuago, eta baranda batekin babestuta. Oinezko eta txirrindularientzako izango da, eta 2,20 metroko zabalera izango du.













