Legazpi Winter Pride asteburua, itzela aurten ere
LGTBI+ kolektiboaren harrotasuna aldarrikatzeko ekitaldiz beteriko asteburua izan da. Filma emanaldia, sagardotegian bazkaria eta Odik kantariaren ikuskizuna izan dira, besteak beste.
BIDEOA: Gotzon Aranburu
Aurreko edizioan baino partaide gutxiagoarekin, baina “itzela” izan da aurtengo Legazpi Winter Pride topaketa ere. LGTBI+ kolektiboaren harrotasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko asteburuaren laugarren edizioa ostiralean hasi eta igande arratsaldera arte luzatu da, eta festara batutakoek ekitaldiz beteriko hiru egun izan dituzte.
Londresen bizi den Jon Oliveira legazpiarrak antolatutako topaketa izan da aurtengoa ere, eta asteburua igarota etxera itzulitakoan egindako balantzea “oso ona” izan da. “Ekitaldiak oso ondo joan dira. Jende pixka bat gutxiago izan zen larunbateko sagardotegiko bazkarian, baina ostiraleko Pride filmaren emanaldiak jende asko bildu zuen Latxartegin!”. Aurten Legazpira iaz baino kanpotar gutxiago etorri direla ere esan du, “baina euskaldun gehiago izan ditugu: Portugaletekoak, Bilbokoak, Donostiakoak, Hernanikoak…”, eta Legazpi bertakoak. Horien artean zegoen Odik kantaria, larunbat gauean Kukue tabernan Bonjour ikuskizuna eskaini zuena.
Oliveirak udalaren jaiaren aldeko jarrera ere aipatu nahi du, udaletxea LGTBI+ kolektiboaren ikur den ostadarraren kolorez argiztatu zuelako.”Detaile polita izan da!”.
Aurtengoa amaitu da, eta “oso gustura gaude, dena oso ondo joan delako”. Hemendik hilabete pare batera bosgarren edizioa prestatzen hasiko direla agindu du.














