Automobilismo denboraldia hastear da
Larunbatean jokatuko den Gabiria-Legazpi rally-sprintaren 28. edizioa aurkeztu zuten atzo Legazpiko udaletxean. 73 partaide izango dira, guztiak "oso maila altuko" taldeak.
Gabiria eta Legazpi arteko rallysprintak irekiko du aurten ere euskal automobilismo denboraldia. Larunbatean jokatuko den probak 28. edizioa izango du, eta azken urteetan bezala, Bosteko Eskuderiak antolatu du. 73 taldek parte hartuko dute aurten.
Proba bera Gabiria eta Legazpi lotzen dituen errepidean egingo bada ere, hitzordu honek baditu beste gune garrantitzu batzuk ere, eta horietako bat Legazpiko plaza izango da. Bertan elkartuko dira partaide guztiak autoekin, azken egiaztapen administratiboak eta teknikoak egiteko, eta bertatik abiatuko dira ondoren, 11:15ean Ezkioko Anduaga industrialdean kokatuta egongo den asistentzia gunera. Handik, Gabiriako abiapuntura joango dira, eta dena ondo bidean, lehen autoa 12:00etan aterako da handik.
Astearte iluntzean eman zituzten antolatzaileek datu horiek guztiak eta askoz ere gehiago, Legazpiko udaletxean egindako aurkezpenean. Nerea Campos eta Igor Velasco kopilutu legazpiarrak eta probako partaideak, Angel Gurrutxaga Euskal Herriko Automobilismo Federazioko lehendakaria, Eric Galvez alkatea eta Josu Galilea kiroletako zinegotzia, Jon Etxeberria pilotu legazpiarra eta Gorka Del Cid Bosteko eskuderiako ordezkaria arduratu ziren rallyesprintaren aurkezpenaz.
Bi txanda, bi noranzkoetan
Motor hotsak ostiralean ere entzungo dira Legazpin, 18:00etaik 21:00etara industrialdean egingo direlako autoen lehen egiaztapenak. Hurrengo egunean, 08:00etatik aurrera izango dute horretarako aukera plazan.
Probari dagokionez, lehengo ‘Kaminu errealetik’ ibiliko dira pilotuak eta kopilotuak 6,7 kilometroko bidea ahalik eta azkarren egiten. Bi txanda egingo dituzte noranzko bakoitzean: goizean Gabiria-Legazpi noranzkoan bi txanpa, 12:00etan eta 13:45ean hasita, eta arratsaldean beste bi Legazpi-Gabiria noranzkoan, 16:00etan eta 17:45ean. Legazpiko plazan amaituko dute proba, eta bertan izango da sari banaketa, 20:00ak aldera.
Probaren aurkezpenean segurtasunari buruzko aipamenik ere egin zuten. Zaleei deia egin zieten leku seguruetan jartzeko, errepidera ez irteteko, ingurua zaintzeko, eta sortutako hondakinak jasotzeko.
Legazpiko Udalaren ordezkarien aldetik, berriz, eskerrak eman zizkieten antolatzaileei, babesleei eta boluntarioei, herria berriz ere automobilismoaren erdigune bihurtzeagatik, eta bertan duen eragin soziala eta ekonomikoa aipatu zituzten.

Legazpiko partaideak: Jon eta Mirene Etxeberria aita alabak, Nerea Campos, Igor Velasco, eta Legazpin jaiotako Xabi Mujika urretxuarra.
Goierritar ugari
Rallysprinteko 146 partaideetatik (pilotu eta kopilotu), hainbat goierritarrak dira. Legazpikoak bertakoak dira Jon Etxeberria pilotua, aurten Mirene alabarekin parte hartuko duena, eta Nerea Campos eta Igor Velasco kopilotuak. Gabiriako Iñigo Alustiza eta Eñaut eta Endika Igartzabal anaiak, Lazkaoko Mikel eta Eneko Nazabal anaiak, Segurako Jon Ander Martinez, Zaldibiako Gaizka eta Ekhi Mendizabal anaiak. Zeraingo Josu Lazkanoiturburu, Ordiziako Ivan eta Aner Altuna aita-semeak, Urretxuko Xabi Mujika eta Zumarragako Javier Marcos dira gainerako goierritarrak.
Partaide horietako batzuk probaren aurkezpenean izan ziren, Jon Etxeberria esaterako. Beteranoa da proba honetan, baina aurten berezia izango dela esan zuen, lehen aldiz alaba Mirenekin egingo duelako. Zaletuentzako eguraldi ona aproposena izan arren, errepiderako euria nahiago duela ere esan zuen, eta horretan bat egin zuten Nerea Campos eta Igor Velasco kopilotuek. Legazpiarrentzat karrera berezia dela ere aipatu zuen Velascok, eta Xabi ALustiza urretxuarrarekin bat eginda gidatuko duten auto txikiarentzako oso aproposa ere bai.
Idigoras-Campos, faborito
Campos, bestalde, faboritoen artean dago, Gorka Idigoras bere pilotuarekin batera, egungo euskal rallysprint txapeldunak direlako. Aitzol Apalantza eta Raquel Rodriguez taldearekin lehia handia izango dute.
Nabarmentzeko talde asko daude proba honetan, eta antolatzaileek aitatu zituztenen artean goierritarrak ere baziren; Iñigo-Alusitza.Erick Fuentes, eta aurkezpenean izan ziren Xabi Mujika-Igor Velasco.
Faboritoak faborito, partaide guztiak “maila altukoak” direla esan zuten probaren aurkezpena amaitzeko, eta larunbatean Legazpi eta Gabiria herriak eta errepidea ikuskizun paregabe bihurtuko direla.














