Brinkola eta Zegama arteko trenbide zatiaren mantentze lanetarako 2,2 milioi euro jarri ditu Adif erakundeak
Madril-Hendaia tren lineak zapaltzen duen lubeta eusteko eta egonkortzeko lanak izango dira, eta trenbide plataforma optimizatzea dute helburu. Zirkulazioa arintzea eta trenen abiatura areagotzea lortuko dute horrela.
Obrak hasi dira Brinkola aldeko trenbidean. Espainiako trenbide sarea mantentzeaz arduratzen den Adif erakunde publikoak 2,2 milioi euro jarri ditu Brinkola eta Zegama arteko zatian hainbat lan egiteko. Madril-Hendaia tren lineak zapaltzen duen lubeta eusteko eta egonkortzeko lanak izango dira, eta trenbide plataforma optimizatzea dute helburu.
Jarduketa hauek zehazki 548/860 eta 549/091 puntu kilometrikoen artean gauzatuko dira, eta behin amaitutakoan, gune horretako zirkulazioa arindu eta trenen abiatura areagotu ahal izango da. Trenbide tarte hori egonkortzeko, lubetari ainguratutako pilote eta mikropilote pantailak jarriko dituzte, hainbat puntutan 18 metroko sakoneraino iritsiz. Horiei esker, lurrek egonkortasuna eta erresistentzia irabaziko dute.
Lanak egiteko 2 trenbidea desmuntatu egin beharko dute, eta materiala berritzeko eta tarte hori saneatzeko baliatuko dute aukera. Gainera, trenbide alde horretako hiru elektrifikazio poste ere desmuntatuko dituzte, eta pantaila osatutakoan berriz jarriko dituzte.
Beste lan batzuk ere egingo dituzte: segurtasun eta komunikazio instalazioetarako kanaleta bat jarriko dute, eta 4 kilometro zuntz optiko berrituko dituzte. Trenbide bazterrean dagoen arekaren horma ere Azokaran tuneleraino luzatuko dute, drainatze baldintzak hobetzeko.
Adifek egingo duen inbertsio honekin, kanpoko agente naturalen aurrean prebentzioa eta trenen zirkulaziorako euskarri fisikoa hobetuko dute, eta horrela, trenbide instalazioek fidagarritasun handiagoa izatea, eta zirkulazioa arintzea lortuko dute.













