Jone Vasalloren 'Kolore festa', Legazpiko Santikutz jaietako egitarauaren azalean
Udalak irudi hori aukeratzeko antolatutako lehiaketa irabazi du legazpiarrak. Guztira hamaika lan aurkeztu ziren, eta denak ikusgai daude Kultur Etxean ostiralera arte.
Jone Vasallo Lozano legazpiarrak egindako Kolore festa lana joango da aurtengo maiatzeko eta agorreko Santikutzetako jai egitarauen azaletan. Hala erabaki du udalak azalaren irudia aukeratzeko antolatu duen lehiaketako epai-mahaiak. Vasllok 300 euroko saria jaso du Jaietako lan taldeko arduradun eta Kultura eta Jaietako zinegotzia den Miryam Galilearen eskutik.
Lehiaketa honetan bederatzi egilek parte hartu dute, eta hamaika lan aurkeztu dituzte guztira. Epai-mahaia Jaietako lantaldeko kideek osatu dute, eta otsailaren 3an egindako bileran eman zuten epaia.
Lan irabazlea eta lehiaketara aurkeztutako gainerako lanak ikusgai egongo dira Kultur Etxeko lehen solairuan, ostiralera arte.













