Postu berri batekin agurtu du otsaila Ordiziako feriak
Silvia Pineda buru duela, La Marieta Tea Bizkaiko Zeanuritik etorri da, Plaza Nagusian teak, infusioak eta espeziak saltzera. Zuhaiztian ereiteko patata saltzen hasi da Javier Lacalle.
Otsaileko azken asteazkenak postu berri bat ekarri du Ordiziako azokara, La Marieta Tea izenekoa. Plaza Nagusiaren alboetako batean kokatuta, feriaren eskaintza osatzera etorri da.
La Marieta Tea ez da ezezaguna Ordizian, azoka berezietara ere etortzen delako. Baina hemendik aurrera asteazkenetan ere izango da, Silvia Pineda buru duela, teak, infusioak eta espeziak eskainiz. Katalunian familiarekin ikasitako lanbidea du hau Pinedak, eta duela 16 urte abiatu zuen negozioa Bizkaiko Zeanurin. Etxean bertan eta familia kataluniarraren lurretan hazitako produktuak saltzen ditu batez ere, berak lehortu, deshidratatu eta ontziratu ondoren. Te eskaintza oso zabala du Pinedak, eta intsentsuak eta aroma naturalak ere baditu, baina gehien eskatzen diotena sendabelarrak direla dio. Osasun aholkuak emateko prest ere badago.
Gaur hasi du Ordiziako feriako salmenta kanpaina, eta oraindik ez du zehaztu zein maiztasunekin etorriko den aurrerantzean. “Bezeroen arabera” izango dela aurreratu du, eta gaurko estreinaldiari erreparatuta, ez dituela faltan izango esan daiteke, jakin-minak erakarrita edo aurretik ezagutzen zutelako, asko inguratu zaizkiolako postura erostera.
Bitxikeria bat, eta bi agur
La Marieta Tea ez da izan gaurko berritasun bakarra ferian, gehiago ere izan direlako. Baina Natalia Magallanesek salgai zituen txinatar azaren lore horiak, berritasuna baino gehiago, bitxikeria izan dira. Azak gora egin diotelako, loreekin baratza eremua guztiz horitu zaiola esan du Magallanesek, eta aukera hori arpobetxatu nahi izan duela. Ondo ezagutzen ditu aza txinatarraren loreak, eta horregatik ekarri ditu gaur saltzera, gordinik entsaladan jateko oso freskoa eta ederra dela esanez. Sorta euro batean zuen salgai.
Agurrerako eguna ere izan da gaurkoa, bi agurrerako, hain zuzen. Izan ere, Jose Antonio Elosegi gabiriarrak eta Simon Aizpuru errezildarrak amaitu dute sagarren salmenta denboraldia. Gabiriakoak esan du ekaina aldean etorriko dela berriz ere feriara, gereziekin, eta Aizpuruk abuztu erdi aldean azalduko dela agindu du.
Hala ere, ferian oraindik badago sagarrik, Arantxa Lopetegi eta Anttoni Murgiondoren postuetan: mokote eta errezila, 2 eta 4,5 euro artean kiloa.
Ereiteko patata
Javier Lacalle, bestalde, hasi da ereiteko patata saltzen Zuhaiztian duen fruta postuan. Arabatik ekarri ditu, urtero bezala, patata mota desberdinetako haziak: Agria, kiloa 1,20 euroan; Monalisa eta Spunta, 1,40 euroan; eta Desiree (gorria) eta Jaerla, 1,50 euroan. Jaerla goiztiarra da, eta Agria, gehien saltzen dena, denerako balio duelako, frijitzeko bereziki. Egosteko hobea da Spunta.
Lacallek azaldu zuenez, azken egunetako eguraldi epelak ez du oraindik animatu jendea patata hazia erostera.
Bisitak
Bisiten atala ere aipagarri izan da gaur. D’Elikatuz zentroak lagunduta, Idiazabalgo Aita Iparragirre eskolako LHko ikasle gaztetxoak ibili dira postuz postu, 36 inguru. Beste talde baten bisita ere izan da gaur, Ordiziara bere kabuz iritsitakoa. Frantsesez hitz egiten zuen jubilatu talde bat zen, eta eguraldi bikainak lagunduta, giro ederra jarri dute feriagunean eta herriko erdigunean.
Saltzaile berezi batzuk ere aipatu behar dira, gaur egin dutelako hileroko bisita Urretxuko Iparragirre institutuko ZIG gelako ikasleek, eskolan egindako produktuak saltzeko. Gailetak eta bizkotxoak eta makina bat eskulan eta apaingarri zituzten salgai. Lortzen duten dirua, udaberrian Saloura ikas-bidaia egiteko izango da. Hurrengo hilean etorriko dira berriz ere azokara.















