Aralarko antolamendu planari alegazioak aurkezteko epea martxoaren 11ra arte luzatu dute
Landarlamen Ingurumen Elkarteak alegazio kanpaina berria antolatu du eta herritarrei eta elkarteei alegazioak jartzeko deia egin diete.
Aralarko larreetako artxiboko irudia.Goierriko Hitza Landarlan Ingurumen Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, “Landarlan eta hainbat natur eta ekologista elkartek eta herritarrek egindako alegazioei esker, Eusko Jaurlaritzak Aralar Parke Naturaleko Baliabide Naturalak Antolatzeko Planaren dekretu proiektua euskaratu eta alegazio epe berria ireki du: otsailaren 11tik martxoaren 11ra”.
Landarlanen esanetan, “oso une garrantzitsua” da hau, Eusko Jaurlaritzak aukera ematen baitie herritar eta elkarteei iritzia emateko. “Plan honek hurrengo urteetako Aralar baldintzatuko du eta naturaren egoera dexente okertu, Eusko Jaurlaritzak Plana aldatzen ez badu”. Gainera, “Aralar Parke Naturala eta Babes Bereziko Eremua dela aintzat hartuko duen Plan baten beharra aitortzen dugun arren, Landarlanentzat Antolamendu Plan hau onartezina” da, ondorengo arrazoi hauengatik:
- Planaren proiektuak esaten duen moduan, Aralarko espezieen egoera ez da behar den bezala ezagutzen.
- Plan honek ez ditu eremu bakoitzeko kontserbazio helburuak zehazten, ezta maldak kontuan hartzen, ura eta lurzoruaren kaltetan, 1994koak egiten zuen bezala.
- Enirio-Aralarko Mankomunitateko larreez datu berriagoak falta dira eta bakarrik kontuan hartu dira teknikari eta abeltzainen balorazioak. Aralarren interesatuta dauden eragile guztien balorazioak eta datu zientifiko eta tekniko berrienak kontuan hartu beharko lirateke baita.
- “Interes ekonomikoei (abeltzaintza, basogintza, turismoa…) natur kontserbazioari baino askoz garrantzi gehiago” ematen zaie.
- Hiru pista behintzat aurreikusten ditu proiektuak: Elutxeta, Arritzaga eta Pagabera, Parke Naturalaren helburuen aurka.
- Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektua Aralar/Aizkorri-Aratz korridore ekologikoan edota Aralarren ere aurrera eraman daitekeela ez du kontuan hartzen eta AHTaren proiektua ez onartzea eskatu beharko luke, Parke Naturalean edota Korridore Ekologikoan sortuko lukeen inpaktu itzelarengatik.
Horregatik, alegazio “kanpaina berria” antolatu du Landarlanek eta “herritar eta edozein elkarteri deitzen diegu alegazioak aurkez ditzaten”. Horretarako, Goierriko hainbat lekutan badago aukera bertan alegazioa bete eta sinatzeko, herritarrek zein elkarteek: Lazkao (Biziola), Ordizia (Eko-Natura drogeria, Goierriko Baratza denda, Larratxa liburudenda, Oreka belardenda). “Herritarrek ere alegazioak hartu eta banatu ditzakete familietan, lantokietan, lagunarteetan, herrietan… eta bete ta sinatuta jaso ondoren, bilketa lekura eraman. Ondoren, alegazio guzti horiek martxoaren 9an jaso eta Eusko Jaurlaritzara bidaliko ditu Landarlanek”.
Alegazioen ereduak eta bidaltzeko bestelako bideei buruzko informazio gehiago Landarlanen web orrian dago: www.landarlan.eus













