Legazpiko herri danborradan parte hartzeko izena eman daiteke
Konpainia batzuetan parte hartzeko on line eman beharko da izena udalaren webgunean, eta beste batzuetan, konpainietako arduradunei zuzenean deituta. Entseguak apirilean izango dira.
Santikutz jaietan maiatzaren 2ko gauean egiten den herri danborradan parte hartu nahi dutenek izena eman ahal izango dute martxoaren 2tik 20ra bitartean. Parte hartzeko 18 urtetik gorakoa izan behar da. Entseguak apirilean hasiko dira.
Izena emateko bi aukera daude aurten. Urtatza, Plazaola, Sukaldariak eta Uztano konpainietan parte hartzeko, figurante izateko edo hirugarren ibilbidean banderarekin joateko on line eman beharko dute izena, udalaren www.legazpi.eus webgunean. Bestetik, Gaztetxea, Lekanazpi, Arraseta, La Salle, Ikastola. Andraitz eta Sustraiak konpainietan parte hartzeko, talde bakoitzeko arduradunekin egon beharko da. Kontaktuak udalaren webgunean daude. Azken kasu honetan, izena emateko epea martxoaren 18an amaituko da.
Legazpiko jaietako herri danborrada oso jendetsua izaten da, eta iaz 600 herritar inguruk parte hartu zuten, herrian zehar hiru ibilbide egiteko beste hainbeste taldetan banatuta. Amaieran, denak elkartzen dira Kale Nagusian, Euskal Herria plazaraino joan eta ekitaldi nagusia bertan egiteko.













