Santikutz egoitzako langileek elkarretaratzea egingo dute ostiralean
Udaletxe aurrean elkartuko dira, 17:30ean, adinduen egoitzetako langileen lan baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko.
Adinekoen egoitzetan azken asteetan ELA sindikatuak deituta egiten ari diren mobilizazioekin bat egin dute Legazpiko Santikutz egoitzako kideek ere eta, bihar ostirala, elkarretaratzea egingo dutela iragarri dute. Hitzordua 17:30ean izango da, udaletxe aurrean.
Elkarretaratzerako deialdia zabaltzeko kaleratu duten oharrean hauxe jaso dute: «Dakizuen bezala, bizi dugun egoera gogorra da; oraindik negoziazio mahairik gabe gaude, eta hobera egin beharrean, prekarietatea handituz doa egunez egun». Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen diote «ez dezala gehiago albo batera begiratu. Gure egoiliarrak ondo zainduta egon behar dute, hori da lehentasuna, baina hobekuntzarik gabe egoera hau jasanezina da!».
Legazpiko langileek beste bi elkarretaratzen egin zituzten urtarrilaren 22an eta 23an, orduan egoitzaren aurrealdean.













