23 milioi euroko aurrekontua onartu du Ordiziako Udalak
17 bozetatik 16 aldeko (EH Bildu, EAJ eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos) lortu ditu, eta abstentzio bat (PSE-EE). Udal talde guztien "jarrera eraikitzailea eta prestutasuna" eskertu ditu Adur Ezenarrok.
Atzo arratsaldean egindako otsaileko osoko bilkuran onartu zen 2026ko aurrekontua. Ordiziako Udala Ordiziako Udalbatzak atzo arratsaldean onartu zuen 2026rako udal aurrekontua, otsaileko osoko bilkuran. Ordiziako Udalak 23.019.806,90 euroko aurrekontua izango du, inoizko aurrekontu anbiziotsuena. UFFF foru finantziazio funtsaren aurreikuspena 10.471.211,00 eurokoa da, eta aurrekontu osoaren %45,49 ordezkatzen du. EH Bildu, EAJ eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemosen hamasei botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin atera dira aurrera.
Negoziazioak luze jo du; udal talde guztiekin aurreneko eztabaidak iragan azaroaren 26an abiatu zituzten, eta ordutik elkarrizketak mantentzen jardun dute. Iaz izandako “blokeo egoera” saihestea lortu dela azaldu du Adur Ezenarrok eta oposizioarekin akordioa lortzeko bidean udal talde guztiek erakutsitako “jarrera eraikitzailea eta prestutasuna” eskertu ditu. Talde guztien ekarpenarekin ondu dute azken aurrekontua.
Aurrekontuaren gastuen banaketari dagokionez, diru partidarik handiena Herritarren esparrura bideratuko da: 12.179.979,51 euro (%53). Lurraldera, berriz, 7.314.467,52 euro (%32) zuzenduko dira, eta udal antolaketara, azkenik, 3.525.359,87 euro (%15). Udalaren esanetan, aurrekontu honek epe ertain eta luzerako erronkei erantzuteko “oinarri sendoa” ezartzen du, proiektu estrategikoak garatu eta zerbitzu publikoak indartzeko aukera emanez.
Inbertsioetarako 6.671.304,99 euro bideratuko dira. Horietatik, 4.350.000 euro mailegu bidez finantzatzea aurreikusten da. Inbertsioen artean daude Majori-Altamira kiroldegiaren eraberritzea (650.000 euro), auzo eta kaleetako eraberritzeak, Urdaneta eskola (700.000 euro), Etxezarreta eta Ampuero arteko igogailua (600.000 euro), HAPOaren berrikuspena (120.000 euro), kultur azpiegiturak (120.000 euro), larrialdi etxebizitzak (400.000 euro) eta landa herri bide publikoen konponketa (100.000 euro).













