Askotariko begiradak, herrian eta pantaila handian
1995ean, Usurbe zinema aretoa martxan jarri zenean, Goieniz Zinekluba sortu zuten Beasainen. Bestela eskainiko ez liratekeen filmak ematea du helburu.
Marian Segovia, Leire Iturrioz, Nerea Erauskin, Egle Escamilla eta Eli Lasa Goienizeko kideak, Urbieta etxeko lokalean. L. Goiburu Goierriko Zineklubak 1980ko hamarkadan Ordizian egiten zituen emanaldiak. Eskualdeko herri askotako jendea zen taldearen parte. Donostiako Zinemaldiak garai hartan Barrios y pueblos izeneko atala zuen, eta emanaldiak egiten zituen herriz herri, tartean, Ordizian. Horren bueltan bildutakoek sortu zuten Goierriko Zinekluba. 1995ean, berriz, Usurbe zinema aretoa jarri zen martxan, eta Goierrikoan aritutako batzuek Goieniz Zinekluba sortu zuten Beasainen.
Astelehenean 31 urte beteko dira Goienizen lehendabiziko emanalditik; 1995eko martxoaren 2an La estrategia del caracol eskaini zuten. Egun, zortzi kidek osatzen dute zinema zaleen Beasaingo elkartea: Leire Iturrioz, Nerea Erauskin, Egle Escamilla, Eli Lasa, Marian Segovia, Olatz Larrea, Amaia Barrio eta Jon Goñik. Hilabetean behin elkartzen dira Urbieta etxean duten lokalean, filmen inguruan eztabaidatzeko eta hurrengo programazioak adosteko. «Proposamenak ekartzen ditugu, eta akordio batera iristen gara. Gaiaren arabera ere aldatu behar da, herrialdeak direla, hizkuntzak direla… hori kontuan hartzen dugu», azaldu du Lasak. Irizpideetako bat da, alegia, bertsio originalak proiektatzea: «Guretzat ezinbesteko irizpidea da jatorrizko bertsioa izatea».
«Guretzat ezinbesteko irizpidea da jatorrizko bertsioa izatea»
Eli Lasa. Goieniz Zineklubeko kidea
Bestela Beasainen emango ez liratekeen filmak eskaintzea da Goienizen helburua. Hala, proiektatzen dituen filma gehienak zirkuitu alternatiboetakoak izaten dira: «Alternatiboak izaten dira gehienetan, zinema jaialdietan ematen dituztenak… baina gaur egun era komertzialean ematen dituzte guretzat interesgarriak izan daitezkeen pelikulak ere. Usurbeko programazioarekin koordinatzen dugu».
Webgunean dituzte jasota 1995etik gaur egunera arte Goienizek proiektatu dituen pelikula guztiak. Askotariko begiradak, gaiak eta sentsibilitateak jorratzen dituzten pelikulak eskaini dituzte hamarkadaz hamarkada, eta horretan segi nahi dute. Badute fidela den publiko bat, baina pelikularen araberakoa izaten da asistentzia: «Asteartean, adibidez, Flores para Antonio eman genuen, eta aspaldiko partez, zinea bete egin zen». Batez besteko kopuru bat ere badute ezarrita: «40 bat pertsona batez beste etortzea onargarria da, gutxienez, eta 60 jada izaten da salbuespena. 170 izan ziren asteartean», zehaztu du Iturriozek. «Talde fidel txikia daukagu; Kneecap ikustera jende berria etorri zen, gaztea… pelikularen arabera», gehitu du Camillak.
Ostegunetik asteartera
Asteartetan egiten dituzte emanaldiak, bi astez behin gutxi gorabehera, 20:15ean Usurben. Lehen ostegunetan izaten ziren, «inon idatzita ez dagoen lege horietako bat» baitzen zineklubak ostegunetan izaten zirela, baina pintxopotea dela-eta aldatzea erabaki zuten. Gizartearen ohituren aldaketak ere izan ziren arrazoietako bat: «Lehen 21:00etan zen, eta ateratzerakoan inguruko tabernak irekita egoten ziren, aukera zegoen zerbait hartzen tertulian egoteko, baina orain tabernak goizago ixten dituzte, aldatu egin da», ondorioztatu dute. «Jendearen ohiturak aldatzen ari dira eta gu horretara egokitzen ari gara», azaldu du Segoviak.
Astearteetako emanaldiez gain, Gau Laburra antolatzen dute abenduan, 2001. urtetik. Aurretik, batzuetan film laburrak eskaintzen zituzten modu soltean zineklubaren emanaldien aurretik, eta Gau Laburrarekin toki bat eman nahi izan zitzaien horiei. Euskal Herri mailan egindako film laburren erakusleiho izateko bokazioz sortu zuten, baina «eboluzio bat» izan du jaialdiak. Hasieran, Euskal Filmotekak ateratzen duen Kimuak katalogoa erabiltzen zen, batetik, eta katalogora aurkeztu baina hautatuak izan ez ziren filmak, bestetik.
Baina zailtasunak izan zituzten gerora film horiek lortzeko: «Katalogora aurkeztutako pertsonen zerrenda pasatzen ziguten, baina gaur egun datuen babes legeagatik ezin da egin. Iritsi zen puntu bat non ez genuen materialik», dio Iturriozek. Beste bide batzuk jorratzen hasi ziren orduan, eta Click For Festival plataforma erabiltzen dute egun. Egokitzen ikasi behar izan dute, dena den, lehenengo urtean 400 bat film labur hartu baitzituzten: «Guk ez genuen baliabiderik hori dena ikusteko. Filmen iraupena murriztu dugu, sariak ere egokitu ditugu, eta emanaldia bera ere bai». Bi zatitan banatzen dute egun Gau Laburra, atseden batekin.
«Gutako batzuk hasi ginenean biribilkietan etortzen zen pelikula»
Leire Iturrioz. Goieniz Zineklubeko kidea
Biribilkiak eta diskoak
Pelikulak proiektatu ahal izateko proiekzio eskubideak dauzkan enpresa baten bidez egin behar da. «Filma banatzaileak izaten dira». Haiekin kontaktatu eta pelikula kontratatzen dute. Disko gogor batean jasotzen dute pelikula. Hori ere aldatu da: «Gutako batzuk hasi ginenean pelikula biribilkietan etortzen zen, ia 35 kiloko zaku batean». Mezularitza enpresen bidez jasotzen dute, eta hala itzultzen dute. Asko azkar deskatalogatuta geratzen dira Goienizeko kideen esanetan: «Berriak eskatu behar izaten ditugu, hilabete batzuk atzera eginda. Orain dela 3 urteko pelikula bat ez duzu lortzen». Saiatu ziren atzera begirako ziklo bat egiten, pelikula zaharrekin, baina «kostatzen zen aurkitzea, edo oso garestiak ziren».
Garai berrietara egokitzen eta eguneraketekin ikasten jarraituko dute, Beasainen ikus-entzunezkoen bidez mundu osoko askotariko begiradak eskaintzen dituzten bitartean. Hurrengo emanaldia martxoaren 10ean izango da: Little Amélie filma.













