Beasaingo Udal Euskaltegiraren M-Lehiaketa, astelehenetik ostiralera
Goierriko eta Beasaingo emakume pilotariak, lehengoak eta oraingoak, gogoratuko dituzte lehiaketarekin.
Martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, urteroko lehiaketarekin dator Beasaingo Udal Euskaltegia. 2012an hasitako bideari jarraituz, eta, «bere ekarpen xumea egin nahian», aurtengo M-Lehiaketa kirolaren munduan murgilduko da, pilotaren inguruan hain zuzen ere. «Gure eskualdeko eta herriko emakume pilotariak, lehengoak eta oraingoak, gogoratuko ditugu. Era horretan emakumeen ekarpena eta ahalegina arlo honetan ere, pilotan oraingoan, ikusaraztea nahi dugu lehiaketaren bidez».
Martxoaren 2tik 6ra
M-Lehiaketaren funtzionamendua ondorengoa da: martxoaren 2tik 6ra, hainbat galdera plazaratuko ditu udal euskaltegiak eta ikasleek eta herritarrek erantzunak emanez parte hartzeko aukera izango dute. «Galderak paperean (euskaltegian bertan) eta sare sozialetan (@Bea-euskaltegia / beasaingo_udal_euskaltegia) zabalduko dira», argitu dute.
Martxoaren 9an asmatutako erantzun guztien artean zozketa egingo dute eta martxoaren 10ean sari banaketa egingo dute. Bi sari egongo dira: sari bat parte hartu duten ikasleentzat eta sari bat parte hartu duten herritarrentzat.
Erantzunak
Galderen erantzunak e-postaz (euskaltegia@beasain.eus), whatsapp-ez 688 740 385 zenbakian, Facebook-en edota paperean euskaltegian bertan eman ahal izango dituzte parte hartzaileek, martxoaren 9a baino lehen.













