Bederatzi izendapen ditu ‘Maspalomas’ filmak
Bartzelonan egingo dute aurten Goya Sariak banatzeko ekitaldia.
Espainiako Zinema Akademiak larunbatean banatuko ditu azken urteetan horren entzutetsuak izan ohi diren Goya Sariak, Bartzelonan. Horien artean da Maspalomas euskal filma: denera, bederatzi izendapen lortu ditu, eta film onenaren garaikurra irabazteko ez ezik, zuzendaritza onenarena lortzeko hautagai dira Aitor Arregi oñatiarra eta Jose Mari Goenaga ordiziarra. Halaber, filmean egindako interpretazioari esker, Jose Ramon Soroiz legorretarrak gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako izendapena lortu du.
Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten estreinakoz Arregik eta Goenagak Maspalomas, eta ordutik, sekulako harrabotsa sortu du Euskal Herrian barrena. Espainia mailan ere jakin-min handia sortu du, eta horren emaitza da Goya sarietan bederatzi izendapen edukitzea. Goenagak idatzi zuen filmaren gidoia, eta, hari esker, jatorrizko gidoi onenaren sarirako izendapena ere lortu du zinemagileak.
Beste hainbat sari
Soroizek ere beste hainbat sari irabazi ditu filmean bertan Vicenteren rolean egindako lanagatik. Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen eta Forque sarietan, berriz, gizonezko aktorerik onenaren saria. Orain beste titulu bat eskuratu lezake legorretarrak; ikusteko dago oraindik.













