Jon Ander Albisuk igandean du finalerdietako ligaxkaren lehen partida
Laso aurrean duela, Jaka-Iztueta enpresa bereko bikotearen aurka jokatuko dute Binakako Txapelketaren finalerdietako lehen partida.
Albisu, Laso, Jaka eta Iztueta, Iruñeko Nafarroa Arenan egindako pilota aukeraketan. Taldekako fasean bikoterik indartsuena izan diren Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk –jokatutako hamalau partidetatik hamahiru irabazi dituzte– igandean ekingo diote Binakako Txapelketaren A serieko finalerdien ligaxkari.
Iruñeko Nafarroa Arenan izango da partida igande arratsaldean, eta haien enpresa bereko (Baiko) Jaka-Iztueta izango dituzte aurkari lehen jardunaldian.
Aspeko beste bikote sailkatu dira finalerdietara, eta horiek ere aurrez aurre arituko dira Donostia Atano III.ean, bihar arratsaldean: Altuna III.a-Ezkurdia / Elordi-Zabaleta.
Bikote guztiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta bi onenak sailkatuko dira finalera.













