Zaldibia Udalak adierazpen bat egin du berak kontratatutako ekintza baten testuinguruan izandako gertakarien harira
"Elkarrekiko errespetuan, bizikidetzan eta aniztasunaren aitortzan oinarritutako herria eraikitzen jarraitzeko" deia egin die herritarrei. Ez du gertakariaz xehetasunik eman.
Zaldibiako udaletxearen irudia.Hitza Zaldibiako Udalak adierazpen bat kaleratu du berak kontrataturiko ekintza baten testuinguruan izandako gertakari baten aurrean. Udalak ez du gertakariari buruzko xehetasunik eman idatzian.
Honela dio, hitz hitz:
“Udal honek irmoki gaitzesten du edozein pertsona edo kolektiboren aurkako jarrera arrazista edo diskriminatzailea, eta bereziki larria deritzo halako jokabideak adingabeei zuzenduta daudenean. Pertsona guztiek, beren jatorria, kultura, hizkuntza edo bestelako ezaugarriak edozein direla ere, errespetuz eta duintasunez tratatuak izateko eskubidea dute.
Zaldibia herri anitza eta inklusiboa da, eta aniztasuna balio eta aberastasun kolektibo gisa ulertzen du. Elkarbizitza oinarri sendoetan eraikitzeko, ezinbestekoa da berdintasuna, errespetua eta diskriminaziorik eza bermatzea, bai jarduera publikoetan, bai udalarekin harremana duten zerbitzu eta ekimen guztietan.
Halaber, Udalak azpimarratu nahi du horrelako egoerak ez direla isilik gorde behar. Gertatutakoa jakinarazi eta egoerari aurre egiteko jarrera aktiboa erakutsi duten pertsonei eskerrak eman nahi dizkiegu; izan ere, halako jokabideei aurre egiteko ezinbestekoa da komunitatearen inplikazioa eta konpromisoa. Arrazakeriaren aurrean, isiltasuna ez da aukera bat.
Horrenbestez, Udalak berriro berresten du arrazakeriaren aurrean tolerantzia zero izango duela, eta beharrezko neurriak hartuko dituela halako egoerak errepika ez daitezen. Era berean, garrantzia eman nahi die herrian elkarbizitza, kulturartekotasuna eta berdintasuna sustatzeko martxan dauden ekimen eta programei, hezkuntza komunitatearekin, herriko eragileekin eta herritarrekin elkarlanean garatzen direnak.
Zaldibiako Udalak dei egiten die herritar guztiei elkarrekiko errespetuan, bizikidetzan eta aniztasunaren aitortzan oinarritutako herria eraikitzen jarraitzeko. Guztion ardura da giro segurua eta inklusiboa bermatzea”.













