Goierritarrak ere igo dira podiumera Gabiria-Legazpi rallysprintean
Nerea Campos kopilotu legazpiarrak bigarren egin zuen larunbateko probako sailkapen absolutuan Gorka Idigoras pilotuarekin. Gainera, 5. klaseko garaikurra jaso zuten. Urretxuko Xabi Mujika eta Legazpiko Igor Velasco 4. klaseko lehen sailkatuak izan ziren. Legazpiko eta Gabiriako lehen pilotuek eta kopilotuek ere jaso zituzten sariak.
Nerea Campos eta Gorka Idigoras, 5. klaseko irabazleak, eta probako sailkapen absolutuko bigarrenak. Tere Madinabeitia Goierritarrak fin ibili ziren larunbatean, Euskal Herriko automobilismo denboraldia ireki zuen Gabiria-Legazpi rallysprintean. Podium absolutura igota, klaseetako hainbat sailkapenetako lehen postuak eskuratuta eta Lontxo arrandegiak emandako sariak irabazita, eskualdean automobilismoan duen indarra ageri-agerian utzi zuten.
Eguraldi onarekin eta zaletu ugarirekin jokatu zen proba Aitzol Apalantzak eta Raquel Rodriguezek irabazi zuten, baina oso gertu sailkatu ziren Gorka Idigoras eta Nerea Campos kopilotu legazpiarra bigarren postuan. Podiuma Xabier Lujuak eta Jesus Estradak osatu zuten.
Alberto Marcos zumarragarrak laugarren egin zuen Garazi Beitiarekin, Mikel eta Eneko Nazabal zaldibiarrak seigarrenak izan ziren, eta Urretxuko Xabi Mujika eta Legazpiko Igor Velasco zazpigarrenak.
Klaseetako sailkapenari dagokionez, Idigoras-Campos taldeak 5. klaseari dagozkion garaikurrak jaso zituzten, eta Mujika-Velasco bikoak 4. klasekoak.
Sari gehiago izan ziren, Lontxo arrandegiak emandakoak. Hala, Xabat Goikoetxeak lehen pilotu legazpiarraren saria jaso zuen, eta Nerea Camposek lehen kopilotuarena. Lehen pilotu gabiriarrarentzat ere izan zen saria, eta Iñigo Alustizak jaso zuen, eta Endika Igartzabalek, kopilotuarena.
Bestalde, lehen aldiz talde gisa parte hartu zuten Jon eta Mirene Etxeberria aita-alaba legazpiarrek ezin izan zuten proba amaitu, autoaren aberiagatik.

Igor Velasco eta Xabi Mujika, 4. klaseko lehen sailkatuak.

Xabat Goikoetxea, lehen pilotu legazpiarra.

Nerea Campos, lehen kopilotu legazpiarra.

Iñigo Alustiza, Gabiriako lehen pilotua.

Endika Igartzabal, Gabiriako lehen kopilotua.

Jon eta Mirene Etxeberria aita-alaba legazpiarrak, proba hasi aurretik.













