San Martingo baso berria forma hartzen hasi da
Txabola guneko eraikinak bota ondoren, birnaturalizazio faseari ekingo diote. Udalak herritarrekin partekatuko du proiektua ostegunerako deitu duen bileran. Joateko izena eman behar da, eta bihar da azken eguna.
Txabolaz beteta zegoen San Martin auzoko eremuaren itxura aldatzen hasia da. Azken eraikinak eraitsi ondoren, espazioa eraberritzeko fasean sartu da udala. Herritar guztien gozamenerako baso berri bat sortzea da helburua.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, San Martineko txabolak eraisteak «mugarri bat» ezarri du auzoan eta auzo inguruan. Orain, lanen bigarren faseari heldu diote, gune horren birnaturalizazio prozesuarekin jarraitzeko. Orain arte, lurra sendotu dute, eta horrekin «urrats sendoak» egin dituzte ingurumena lehengoratzeko. Modu horretara, urteetako degradazioaren ondoren, «bere natura- eta paisaia balioa berreskuratzen hasi da» ingurune hori.
Aurreikusitako lanak
Aurreikusita dituzten lanen artean, erreka lehengoratzea dago, «urak paisaian duen integrazioa hobetuz, eta haren birsorkuntza ekologikoa erraztuz».
Errekaren inguruko lanekin batera, datozen asteetan lurra landarez betetzeko lanekin jarraituko dute, inguru horretara egokitutako landaketak eginez. Ondoren, berreskuratutako espazio horren «erabilera aktiboa eta arduratsua» sustatzeko ekimenak jarriko dituzte martxan. Helburua da auzokideen aldetik paraje horren zaintza eta gozamena sustatzea.
Herritarrekin bilera
Hain zuzen, auzokideekin eta herritar guztiekin partekatu nahi du udalak ingurune honetarako aurreikusita duen proiektua, eta horretarako bilera du deituta ostegunerako. «Legazpirako ingurune berdeago, osasungarriago eta jasangarriago bat kolektiboki eraikitzen jarraitzeko gunea» izango da bilera hori.
Ostegunean da hitzordua, 18:00etan, baina oraindik ez dago tokia zehaztuta. Bilerara joateko izena eman behar da aurretik udalaren www.legazpi.eus webgunean, eta joateko interesa dutenen kopuruaren arabera erabakiko da non egingo den. Bihar asteartea da izena emateko azken eguna.
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu topaketa horretan parte hartzera, zalantzak argitzeko, eta ekarpenak egiteko.
San Martineko proiektu honek Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendien eta Natura Ondarearen Zuzendaritza Nagusiaren babesa du,













