Zuhaitz eguna larunbatean egingo dute Legazpin, arratsaldez
Brinkolako Antzumaritz parejea aukeratu dute aurten zuhaitz landaketarako. Izena eman behar da, eta osteguna da azken eguna.
Iazko zuhaitz landaketa Barrendiola inguruan egin zuten. Tere Madinabeitia Legazpiko Zuhaitz Eguna martxoaren 7a izango da, larunbatarekin, eta arratsaldez. Aurten Brinkolan egingo da zuhaitz landaketa, ibaiaren ondoan dagoen Antzumaritz izeneko inguruan. Udalak antolatuta, Naturzaindia elkarteko kideek lagunduko dute herritar guztiei zabaldutako jarduera honetan.
Topagunea Brinkolako tren geltokian izango da, eta elkartzeko ordua, 15:10a. Hara iristeko trena hartzea gomendatzen du udalak. Legazpitik 15:00etan irtengo da tren bat Brinkolarantz. Handik Antzumaritzera 45 oinezko ibilbidea dago.
Landaketa amaitu ondoren, Brinkolara itzulita, 18:12ko trena edo Junetorri hartuko dute partaideek, Legazpiko hirigunera joateko. Azokan askaria izango da parte-hartzaile guztientzat.
Mendiko botak eta arropa erosoa eramatea gomendatzen dute, eta haurrek heldu batek lagunduta parte hartu beharko dute.
Parte hartzeko, izena eman behar da udalaren www.legazpi.eus webgunean. Azken eguna martxoaren 5a da.













