Lurdes Iriondori buruzko dokumentala, Legazpiko ostiraleko zine klub saioan
Zine Klub legazpi elkarteak antolatu du emanaldia, igandeko Emakumearen Egunarekin bat eginez.
Legazpi Zine Klub elkarteak bat egingo du Martxoaren 8ko ospakizunekin eta aldarrikapenekin, eta ostiralerako, saio berezia programatu du, udaleko Kultura Zerbitzuarekin elkarlanean. Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentala eskainiko du, 19:00etan, Latxartegi aretoan.
Inge Mendiaroz da euskal kantari horren ibilbidean eta biografian oinarritutako lanaren zuzendaria. Hala deskribatzen du kanataria: “Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkoadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo.”
Lurdes Iriondok bere bizitzan zehar euskal musika, kultura eta gizarteari egindako ekarpena balioan jarri nahi duen dokumental bat da. Memoria historikoa oinarri, emakume musikariari, emakumezko artista guztiei eta euskarari memoria egiten dion filma da, bere ekarpenaren eta garrantziaren ahaztua geratu ez dadin.













