Erramun Amundarain gogoan Iparra-Hegoako bertso afarian
Bertso afaria jendetsua egin dute beste behin 29. Iparra-Hegoan, Seguran. Iazko udazkenean hil zen Erramun Amundaraini hiru bertso kantatu dizkio Amets Arzallusek.
29. Iparra-Hegoa bertso afaria, bart. Atzean, Erramun Amundarainen irudia. Iparra-Hegoa kultur elkartea Euskal Herriko bertso afaririk handiena egin dute bart Seguran, 29. Iparra-Hegoaren barruan. Herri bestak bizi behar du! da aurtengo lema, eta horren erakusgarri izan da 400 afaltiar elkartu zituen juntadizoa. Iluntzeko bertso-poteoaren ondoren, plazako karpan afaldu eta Eneko Araiztegi, Nerea Elustondo eta Amets Arzallus aritu dira bertsotan, eta Kuxkuxtu txarangak ere ez du huts egin.
Gaueko unerik hunkigarrienetako bat Arzallusek iazko udazkenean hil zen Erramun Amundaraini eskainitako bertso sorta izan zen. Karparen alde batean Amundarainen irudia eta Herri izarrak ez dira itzaltzen esaldia ikus daitezke.
ARGAZKIAK ETA BIDEOAK: Iparra-Hegoa Kultur Elkartea
Amets Arzallusek Erramun Amundaraini
Hogeitabost bat urte badira
banan-banan kontatuta
ikusi nuen behin bizardun bat
ta ez zirudien arrunta
Elorrin esan zidan jar zaitez
hor platera hor zurruta
jaki goxoak ahora eman
zenbait bertso kantatuta
Segurak duen ibili honek
hamaika buru-lan du ta
baina bertsotan ondo egiten zen
zurekin merendatuta
Nola egiten da errezeta bat
ta horrekin afari ona
mila osagai bila litezke
Carrefour nahiz Mercadonan
ta zuk zeneuzkan produktu ho(r)ien
erro lur bat hain sakona
Segura bazen Segura eta
Baiona bazen Baiona
militantzia ta auzolana
transmisioa kristona
eta hori osagai berezi bat da
merkatuan ez dagona
Zuk maitasuna zabaldu duzu
egiten dizut aitortza
jende xehe nahiz haundi artean
inon ez zinen arrotza
irrifarra ta umore fina
ta begirada zorrotza
ta herrigintza ta kontzientzia
eta mingaina ta hortza
Euskal Herriko gastronomia
izar guztien jaiotza
izar horiek baino hobe da
Amundarainen bihotza













