‘Giza habitat ezkutatua’ erakusketa ikusgai jarriko dute Ardixarran
Erakusketa martxoaren 16tik 26ra egongo da ikusgai. Historia Oroituz antzerki taldearen ekimenez antolatu dute. Erakusketa Nabarralde eta Lorratzak Errotuz elkarteek ondu dute.
Beñi Agirre hernaniarra Arrasateko Arizmendi ikastolako haurrekin. Arizmendi ikastola Segurako Historia Oroituz antzerki taldearen ekimenez, Giza habitat ezkutatua erakusketa ibiltaria izango da ikusgai Ardixarran martxoaren 16tik 26ra bitartean. Erakusketa Nabarralde Fundazioak eta Zuztarrak Errotuz elkarteak ondu dute eta «Euskal Herriko historiaren mugarri garrantzitsuenak» aztertzen ditu. Beñi Agirre historialari eta idazleak bi bisita gidatu eskainiko ditu, erakusketaren irekiera eta itxiera egunetan. Erakusketa martxoaren 22an ospatuko den Udaberriko 24. lore eta landare azokaren egitarauaren baitan sartu dute.
Erakusketa martxoaren 16an, astelehena 18:30ean irekiko dute eta bertan Agirreren azalpenak entzuteko aukera izango da. Euskal Herriko historiaren gako nagusiak eskaintzen ditu erakusketak: «Euskalnafarren habitata eta lurraldetasuna; mugarriak izan diren datak, pertsonaiak eta gertaera garrantzitsuak modu grafiko eta atseginean kontatuta». Erakusketak mendeetako historia laburtua erakusten du, «modu garbiz, esanguratsuz eta batik bat, pedagokikoz egina».
Laboa eta Lete
Mikel Laboak musikatu zien Xabier Leteren poema ezaguna du inspirazio iturri erakusketak: «Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai, hauts hartatikan uste gabean noizbait giñaden gu ernai…».
Erakusketa 14 panel edo horma-irudiz osatuta dago. Lehenengoak ongi etorria emango dio bisitariari lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Beste 13 horma-irudietan habitat jakin batean gizakiak jokatu duen historia kontatzen da, «ekologian ere erabiltzen den habitat kontzeptuarekin batera, gizakiak sortutako hizkuntza, kultura eta erakundeak aztertuz, XIX. mendera arte». Izan ere, klima, paisaia eta izaki bizidunekin batera «giza habitataren parte bananduezinak dira hizkuntza, kultura, legeak eta erakundeak».













