LAB, CAF Taldeko lehen indar sindikala
CAF EM enpresan ordezkaritza sindikalerako hauteskundeak egin dituzte eta aukeratu beharreko hiru ordezkariak LABeko kideak izango dira.
CAFen lantegia Beasainen.Ariane Vierbücher LAB da CAF Taldeko lehen indar sindikala. CAF Taldeko hainbat plantatan ordezkaritza zuzena du sindikatu abertzaleak: CAF Beasainen, CAF Irunen, Rail Line-en, Geminys-en, CAF RDS-en, CAF Signalling Donostian, TRENASA-n, CAF TTC-n, CAF Signalling Amorebietan, CAF TE Zamudion, CAF TE Lebarion, CAF TE Gasteizen, eta orain CAF EM-n.
Azken horretan, CAF EM-n, pasa den ostegunean (martxoak 12) egin dituzte ordezkaritza sindikalerako hauteskundeak, eta aukeratu beharreko hiru ordezkariak LABeko kideak izango dira.
CAFeko LABen hitzetan, “ez da kasualitatea” lehen indar sindikala izatea: “Antolakuntza, konpromisoa eta langileen babesa dira honen oinarriak”, adierazi du hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. “Gaur-gaurkoz, LAB da CAF taldeko langileen lan baldintzak defendatzeko eta hobetzeko tresnarik eraginkorrena”, aldarrikatu du.













