Segurako Udalak Laiotzen agertutako pintada "matxista, arrazista eta faxistak" gaitzetsi ditu
Laiotz herri eskolako paretetan agertutako pintadetako batzuk. Segurako Udala Segurako Udalak azken egunetan Laiotz herri eskolako patioko paretetan agertu diren pintadak irmoki gaitzetsi ditu, herritarrei zabaldu dien ohar baten bitartez.
Oharrean adierazi dutenez, “ikur horien esanahi matxista, arrazista eta faxista ez dugu onartuko gure herrian, eta are gutxiago, umeek egunero erabiltzen duten eremua den herriko eskolan”.
Udalak pintadak ezabatuko dituela aurreratu du, baina argi utzi nahi izan du “gure herrian, irudi horiek ordezkatzen dituzten jarrerak eta pentsamoldeak” ez direla onargarriak.














