Erramun Amundarain omendu dute Iparra Hegoako gereziondoko ekitaldian
Iparra Hegoa ekimenaren 29. edizioko egun handia ospatzen ari dira Seguran. Goizean sukalki lehiaketa egin dute eta Baigorriko gaiteroek eta Goierriko zanpantzarrek kaleak girotu dituzte. Eguerdian gereziondoko ekitaldia egin dute. Euria dela eta, karpan egin dute. Ipar Euskal Herriko AEKko ikasleek kanta bat abestu dute eta ondoren Ane Garai Bilboko Altxa Porrue konpartsako kideak eta Urruñako eta Segurako alkateek hitza hartu dute. Guztiek herrigintzaren garrantzia azpimarratu dute. Ondoren, Erramun Amundarain omendu dute. “Hor hago, guri begira nonbaitetik. Sentitzen haugu. Erraza da sabelak betetzea, baina ez horrenbeste bihotzak betetzea. Erramunek biak betetzen zekien”, esan du estatariak. Hitza hartzen azkena Iraia Amundarain izan da, Erremunen alaba. “Eskerrik asko denei. Berari egin diezaiokegun omenaldi onena zoriontsuak izatea da. Berak egiten zuen bezala: zoriontsu izan eta besteei zoriontsu izaten lagundu”. Bukatzeko, gereziondora joan dira eta bertan krabelin gorriak utzi dituzte Amundarainen oroimenez.
Ondoren, gazte bazkaria egin dute frontoi zaharrean, Etxepareko txarangarekin. Karpan, berriz, herri bazkaria egin dute. Kuxkuxtuk girotu du. 18:00etan manifestazioa egingo dute, brebetako eta baxoko azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. 19:00etan talo eta Euskal Herriko garagardo dastaketa izango da. Bukatzeko, 23:00etatik aurrera Balantza taldearekin eta Dj Bullekin dantzatuko dute.













