Haira Aizpurua lapurtarrak irabazi du Ordiziako Argi-Berri bertso sariketa
Aizpurua eta Egiar Otegi oiartzundarra sailkatu dira Osinalde Sariketako final handira
Bertsolari gazteentzako Osinalde sariketako 54. finalerako bideari ekiteko garaia heldu da. Pazko asteko oporraldiarekin batera jokatuko da finala, eta aurrez, ohiko hiru kanporaketek erabakiko dute nortzuk ariko diren Gabiriako azken saioan. Aurtengoan ere hemezortzi bertsolari gazte ariko dira lehian, Argi-Berri, Osinberde eta Aztiria sarietan banatuta; kanporaketa bakoitzean sei bertsolarik kantatuko dute. Saio bakoitzean sailkatzen diren lehen bi bertsolariek eskuratuko dute finalerako txartela, eta horiek arituko dira kantuan Gabirian, Osinalde elkartean, jokatuko den finalean.
Lehen kanporaketa gaur jokatu da Ordiziako Buztuntza auzoko Argi-Berri elkartean. Aurtengoa 28. edizioa izan da, eta Haira Aizpurua (Sara), Danel Etxeberria (Tolosa), Araitz Katarain (Mallabia), Egiar Otegi (Oiartzun), Suhar Gesalaga eta Sustrai Goenaga (Lazkao) bertsolariak aritu dira kantuan. Igor Egurenek jarri ditu gaiak. Haira Aizpurua nagusitu da eta Egiar Otegi izan da bigarren. Bi bertsolari horiek lortu dute finalerako txartela. Bestalde, Argi-Berri saria ere jokoan egon da. Entzuleek eman dute. Hori ere Aizpuruak irabazi du.















