Castro-Urkiolak irabazi dute Goierri rallyesprinta
Bigarren postuan Xabier Lujua eta Jesus Estrada gelditu dira, eta Aitzol Apalantza-Arale Agirre hirugarren. Euriak baldintzatu du proba.
X. Goierri Rallysprintaren podiuma, larunbat iluntzean, Lazkaon. Hitza Goierri Rallyesprintaren hamargarren aldia Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak irabazi zuten, larunbatean. Bigarren postuan Xabier Lujua eta Jesus Estrada gelditu ziren, eta Aitzol Apalantza-Arale Agirre hirugarrenak izan ziren. Euriak errepideko baldintzak asko txartu zituen. Lazkaoko Kilometroei laguntzeko asmoz egin da aurtengo rallyesprinta.
Lasterketako ibilbideak Lazkaomendi, Zaldibia eta Gaintza zeharkatu zituen. Goierri Rallyesprinteko erlojupeko bakoitzak irabazle desberdin bat izan zuen, denera lau izan ziren. Goizeko bi txandak Gaintzatik Lazkaomendirako noranzkoan izan ziren, eta arratsaldean Lazkaomenditik Gaintzara.
Lehenengoan, Gorka Idigoras eta Nerea Campos Peugeot 208 autoan izan ziren lehiakide azkarrenak. Bigarren txanda Alberto Marcos-Garazi Beitiak BMW M3 kotxearekin irabazi zuten. Hirugarrenean, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola nagusitu ziren BMW M3arekin. Laugarren txandan Aitzol Apalantzak eta Arale Agirrek egin zuten denborarik onena, horiek ere BMW M3 ibilgailuarekin. Lujua eta Estradak Alpine A110 autoarekin lortu zuten bigarren postua.
Lazkaoko plazako sari banaketan 2.000 euro banatu ziren hoberenen sailkatutako pilotu eta kopilotuen artean.
Erregularitate modalitatean
Irabazle gehiago ere izan ziren. Ricardo Perez de Vega eta Jesus Maria Landa izan ziren irabazleak erregularitatekoen artean, Audi Coupe GT autoarekin. Sergio Camarak eta Emilio Pascualek Peugeot 205arekin bigarren postua lortu zuten, eta Iñigo Cobelo-Aratz Etxebarria izan ziren hirugarrenak, Renault 5 GT ibilgailuan.
Erregularitateko lasterketetan ez du erlojupeko azkarrenak irabazten; antolakuntzak ibilbidean zehar ezarritako bataz besteko abiadura bat mantentzea duenak baizik. Modalitate horretan kotxe zaharrak ateratzen dira, 25 urte baino gehiagokoak.












