AHTaren zundaketen aurkako ibilaldi jendetsua egin dute Idiazabalen
60 bat pertsona elkartu ziren igandean, zundaketen aurkako protestan.
Zundaketen aurkako ibilaldia, igandean. Stop Zundaketak Stop zundaketak. AHTrik ez! herri ekimenak deituta, 60 bat pertsonek hartu zuten parte igandean Idiazabalen egin zen ibilaldian. Plazatik irtenda, Gorrotxategi abeltegiraino eraman zuten protesta, «Espainiako Garraio Ministerioak Idiazabalen egiteko falta diren bi zundaketetako bat aurreikusten duen tokira», hain zuzen. Tantai Baso Jabe kooperatibako kide batek eta bertako baserritar batek «makro azpiegitura honek inguruko mendietan, basoetan eta abeltzaintzan izango lituzkeen eraginak» azaldu zituzten bertan.
Herrira itzulita amaierako ekitaldia egin zuten plazan. Bertan txalaparta, musika, dantza eta Oihane Iguaran bertsolaria izan ziren. Duela 20 urte Goierrin, AHTaren hasierako obren aurka aktiboki parte hartu zuen lagun batek eta Stop zundaketak ekimeneko bi kidek hartu zuten hitza, «zundaketaren aurkako borrokaren nondik norakoak» azaltzeko.
Bertaratutakoei gogorarazi zieten «adi egon beharra dagoela» hurrengo zundaketa saiakeren aurrean, «larrialdi-protokoloa garaiz aktibatu ahal izateko». Beste behin, «zundaketetan ez laguntzeko» eskatu diete Goierriko udalei eta kasu posibleen aurrean, herri ekimenari abisatzeko deia luzatu dute.
Alegazioak, sinatzeko
Iruña eta Altsasu lotuko lituzkeen AHTaren proiektuaren aurkako alegazioak sinatzeko deia luzatu dute antolatzaileek. Igandean Idiaizabalen bertan sinatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek, baina martxaoren 24ar bitartean, Biziolan ere eskuragarri egongo dira. Gainera, Sustrai Erakuntza fundazioko web gunearen bitartez ere sinatu daitezke, martxoaren 27ra arte.

















