Antton Imaz omendu dute Zuhaiztiren urteurrenaren baitan
Asteleheneko ospakizun jaialdia aprobetxatu zuten Zuhaiztiko kideek urtarrilean zendu zen Antton Imaz omendu eta haren senitartekoei oroigarria emateko. San Jose egunaren baitan ekitaldi gehiago egingo dituzte.
Antton Imazen senitartekoak, omenaldian. Ordiziako Udala Zuhaizti Gizarte Zentroak 38 urteko ibilbidea osatuko du aurten, eta hori ospatzeko ekitaldi sorta zabala antolatu dute aste honetarako. Atzo egin zuten aurreneko ospakizun jaialdia, eta testuinguru hori baliatuta, joan den urtarrilean zendu zen Antton Imaz omendu zuten, urte hauetan zehar Zuhaiztiri egindako ekarpena eskertzeko. Senitartekoei oroigarria eman zieten. Beasaingo Gurea eta Ordiziako Umore Ona abesbatzen kantaldiek osatu zuten atzoko ekinaldia.
Hori ez ezik, izango dira aste honetarako ekitaldi gehiago ere: bihar arratsaldean, 18:00etan hasita, euskal dantzen jaialdia egingo dute, eta datozen bi egunetako ekitaldietarako indarrak hartzeko baliatuko dute. Izan ere, egun handia osteguna izango da: San Jose eguna. Trikitilarien eta bertsolarien laguntzaz girotuko dute eguerdia, eta 150 inguru laguneko bazkaria egingo dute gero, Zuhaiztiren ibilbide oparoa ospatzeko. Dantzaldia egingo dute, eta gainera, eskulan tailerraren erakusketa ikusgai izango da egun osoan zehar.
Ostiralean egingo duten hamaiketakoarekin eta arratsaldeko ‘No hay ladron que por bien no venga’ antzerki emanaldiarekin borobilduko dute ospakizuna.













