Bideokamerak jarri ditu udalak Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetan
"Segurtasuna eta prebentzioa indartzeko" neurria dela adierazi du udalak.
Bernedoeneako kamerak.Beasaingo Udala Beasaingo Udalak bideokamerak instalatu ditu Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetan. Udalaren esanetan, “segurtasunean eragiteko jarrera desegokiak saihesten lagunduko dute eta Udaltzaingoaren lana erraztuko dute”.
Udalak adierazi duenez, “segurtasuna eta prebentzioa indartzeko” neurria da. “Horrela, teknologia baliatuz, Udaltzaingoak egiten duen zaintza-lana, trafikoaren kontrola eta erregulazioa indartzea bilatzen da”. Tresna “eraginkortzat” du udalak “ibilgailuetan eragindako kalteak, lapurretak edo aparkalekuetan gerta daitezkeen bestelako gorabeherak saihesteko”.
Udaltzaingoaren jardunerako “garrantzitsuak” izango direla gehitu du: “Kamerak jasotako irudiek aukera ematen dute aparkalekuetan gerta daitezkeen gorabeherak hobeto aztertzeko, gertakarietan parte hartu duten pertsonak edo ibilgailuak identifikatzeko eta, beharrezkoa denean, gertatutakoa zehaztasunez berreraikitzeko”.
Bernedoenea eta Gipuzkoa plazako aparkalekuetan instalatu dituzte, “gune estrategikoak” direlako, ibilgailu ugari biltzen direlako han. Udalak esan du instalazioa eta erabilera “indarrean dagoen araudia zorrotz betez egin dela, bideokameren erabilerari eta datu pertsonalen babesari buruzko araudia kontuan hartuta”.













