Galdarak eta leihoak berritzeko laguntzak eskainiko ditu udalak
Banakako jabeen kasuan, ohiko etxebizitza izan behar du eta eskatzaileak bertan erroldatuta egon behar du. 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko eraikuntza baimena izan behar du eraikinak.
Galdarak eta leihoak berritzeko diru laguntzak eskainiko ditu Beasaingo Udalak, etxebizitzen energia kostuak eta berotegi efektuko isurpenak murrizteko helburuz. Jabeen erkidegoek eta banakako etxebizitza jabeek eskatu ahal izango dituzte.
Banakako jabeen kasuan, etxebizitza ohiko bizilekua dela egiaztatu beharko da, eta eskatzaileek bertan erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko eraikuntza baimena izan beharko du eraikinak. 400 euroko laguntza jaso ahal izango dute galdara aldatzen badute, eta leiho edo ateetako beirazko itxiturak berritzen badituzte, egindako gastuaren %30, gehienez 1.200 euro arte. Jabeen erkidegoen kasuan, diru laguntza jarduketaren %10era iritsi ahal izango da, gehienez 6.000 euro arte.
Laguntzak ematerakoan, 2024ko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean egindako lanak hartuko dituzte kontuan.
Eskaerak aurkezteko prozedura eta informazio guztia Igunean egongo da eskuragarri eskatzaileentzat.













