Kalean mobilizatu dira Indarreko langileak
Martxoaren hasieran jakinarazi zuen Enpresa Batzordeak mobilizazioak hasiko zituela lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa salatzeko. Manifestazioa egin dute Beasainen.
Indarreko langileak Beasaingo kaleetan protesta egiten, atzo.LAB Martxoaren hasieran jakinarazi zuen Indar enpresako Enpresa Batzordeak mobilizazioak hasiko zituztela langileek lan hitzarmenaren harira. Martxoaren 5ean, 9an eta 11n bi orduko lanuztea egin ondoren, atzo martxoak 16 lau orduko lanuztea egin dute, eta kaleetan mobilizatu dira; Beasaingo kaleetan manifestazioa egin dute langileek.
Beren egoera salatzearekin batera, gaurko greba orokorrerako deia egin zuten atzokoan. Zuzendaritzak negoziazioa blokeatuta duela salatzen dute, eta negoziazioa “nahikoa ez den soldata igoera murritz batera mugatu nahi izan” duela, “enpresa batzordearen aldetik eros ahalmena berreskuratzeko, kontratazio berriak egin eta enplegua bermatzeko edo azpikontraten baldintzak duintzeko egindako proposamenei entzungor eginez”.
Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatu ezean, mobilizazioekin jarraituko dute. Martxoaren 23 eta 25erako bi orduko lanuzteak dituzte aurreikusita. Apirilaren 13an Negoziazio Mahaia bilduko da, eta lau orduko lanuztea dauka Enpresa Batzordeak zehaztuta. Apirilaren 15ean ere lau ordukoa izango da lanuztea mugimendurik egon ezean. Apirilaren 20an batzar orokorra egingo dute, eta apirilaren 21ean, 22an, 27an eta 29an greba egunak dauzka deituta batzordeak.














