M17. Greba Orokorra. Legazpiko manifestazioa
Legazpin manifestazioa egin dute Euskal Herria plazatik abiatuta. Bideoa eta argazkiak, albistean.
Legazpin gaur arratsaldean egin duten manifestazioaren irudia. Tere Madinabeitia Legazpiko Greba batzordeak deituta manifestazioa egin dute gaur arratsaldean. Euskal Herria plazan hasi eta bukatu dute, herriguneak kaleak zeharkatu ondoren. Bukaeran Eneko Agirreurretak (ELA) eta Eñaut Unamunok (LAB) hartu dute hitza. Hauxe da irakurri duten dokumentua, hitzez hitz:
Gutxieneko soldata propioa eta bizitza duinen alde!
“Ez dira garai errazak langile eta herri-sektoreontzat. Egunero darabilgun hiztegian krisi hitza ageri zaigu. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarria du sistema kapitalista heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz, gerra inperialistak eraginez, pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak aberatsago, boterea geroz eta esku gutxiagotan eta langile sektore geroz eta gehiago bazterrean. Emakumeok*, gure sorterria utzi dugun pertsona migratuok, arrazializatuok, aniztasun funtzionala dugunok, gazteok edo sexu-genero disidenteok kapitalaren ofentsibaren jopuntuan gaude.
Greba Orokor eguna dugu gaur Euskal Herrian, patronalak eta agintari politikoek itxi nahi dituzten ateak irekitzeko. Soldatek erosahalmena galdu dute, eta prezioek goraka jarraitzen dute; 300.000 langilek baino gehiagok dute 1.500 euro baino txikiagoa den soldata. Inork ez du nahi, lana gogor egin ostean, miseriazko soldata bat jaso eta bizi proiektua garatzeko estu ibili. Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea. Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, 1.500€-ko gutxieneko soldata ezartzea. Lortu arte borrokan jarraituko dugu!
Gure herrian asko gara errealitate honi aurre egiten diogun kolektibo, mugimendu eta pertsonak. Gaurkoan, indarrak bildu ditugu eta greba batzordeekin batera buru-belarri aritu gara gutxieneko soldata propioa hemen erabakitzeko aldarria zabaltzen. Pertsona guztiei diru sarrera duinak bermatzea desberdintasun sozialei aurre egiteko eta aberastasuna banatzeko nahitaezko osagaia da, justizia sozial kontua da.
Agur bat greba egun eta mobilizazioekin bat egiteko zuen komertzioetako pertsianak itxi dituzuenoi, jarduerak bertan behera utzi edota grebarekin bat egiteko egokitu dituzuen elkarteei. Baita grebarekin bat egin duzuen mugimendu eta eragile sozialei ere. Gurea elkartasuna da. Gutxieneko soldataren alde egindako ibilbideak ekarri gaitu greba deialdira, baina bizi dugun testuinguruak hamaika arrazoi gehitzeko aukera ematen digu. Etxebizitza prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta esku hartze bakarra errentisten mesedetan egiten da; zerbitzu publikoen eraispen isila eta etengabea bizi dugu; pentsioetan, soldatetan bezala, sexu-generok arrakala betikotzen jarraitzen du; eskubideen murrizketak justifikatzen dituzte, “batzuk urrunegi joan omen direlako”; krisi ekologikoa areagotzen ari da; eta langileok urtero gure lanpostuetan gaixotu eta hil egiten gara patronalaren utzikeria dela eta
Bakarrik eta beldurtuta nahi gaituztenen aurrean, mezu argia gaurkoan: elkarrekin eta borroka egiteko prest aurkituko gaituzue. Baditugulako desadostasunak gure artean bai, baina gehiago delako batzen gaituena. Mundu berri bat nahi eta behar dugu, bizitza duinak erdigunean kokatuko dituen eredu bat. Bide horretan bataila asko irabaziak ditugu, eskubide guztiak horrela lortu ditugulako: antolatuz eta borrokatuz. Gaurko greba orokorrak garaipen berrien atea irekitzeko balioko du: gutxieneko soldata hemen erabakitzea ehunka mila langileren diru sarreretan zuzenean eragin dezakeelako, eta baita gu guztion bizitzetan ere. Zorionak goizeko lehen piketetik hasita, zuen lana eten eta kaleak hartu ditugun guztiei. Indar honekin garaipen berriak ez dira berandutuko. Lantokietan, kalean, etxean eta edonon, jarrai dezagun borroka!”.













