Majoriko barruko igerilekua itxita egongo da martxoaren 29tik apirilaren 19ra
Bitartean, Majoriko erabiltzaileek Lazkaoko igerilekua erabiltzeko aukera izango dute. Uretako ikastaroen hasiera-data ere apirilaren 20ra atzeratuko da.
Igerilekua itxita mantenduko dute oraingoz. Majoriko instalazioan egingo diren lan tekniko batzuk direla eta, martxoaren 29an barruko igerilekua itxiko dela jakinarazi du kiroldegiak. Zerbitzua kalitate egokian mantentzeko eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko “beharrezko” lanak dira, eta apirilaren 19ra arte luzatuko dira.
Bitarte horretan, Majoriko erabiltzaile guztiek izango dute baimendutako ordutegietan Lazkaoko igerilekua erabiltzeko aukera, orain arte egin izan den bezala edota Kirol-Txartela Mugiment erabilita ere. Horrez gain, Uretako ikastaro guztien hasiera-data ere apirilaren 13tik apirilaren 20ra atzeratuko dela jakinarazi du kiroldegiak -uretako ikastaroen prezioak birkalkulatuta-.













