Manifestazioa jendetsua egin dute Lazkao eta Ordizia Beasainekin lotuz
Beasaingo Loinazko San Martin plazan bukatu da mobilizazioa, eta gazte batek, emakumezko migratu batek eta pentsionista batek hartu dute hitza. Pentsioen kudeaketa propioa eta 1.500 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu dituzte.
Ordiziatik eta Lazkaotik abiatutako zutabe bana abiatu, eta Beasainen elkartu dira denak gaur arratsaldean pentsio propioaren alde eta gutxieneko soldataren alde. Behin bat egindakoan, manifestazio jendetsua egin dute Beasaingo herriguneko kaleetan. Loinazko San Martin plazan bukatu da, eta han gazte batek, emakumezko migratu batek –gazteleraz– eta pentsionista batek hartu dute hitza. Internazionala eta Eusko Gudariak abestuz bukatu dute mobilizazioa.
Krisia, eguneroko hitza
“Gaurkoan, gutxieneko soldata propioa eta bizitza duinen alde Greba Orokorra egin dugu. Beste behin erakutsi dugu Euskal Herrian badela aldaketak nahi dituen gehiengo sindikal eta sozial bat. Milaka eta milaka langile grebara batu eta kalera irten gara goizeko pikete eta mobilizazioetan eta arratsaldean ere, Euskal Herriko ehunka herritan mobilizatzen ari gara. Aurreko belaunaldiek, gure gurasoek, aiton-amonek, birramonek… hamarkada luzez egindako borrokak argi uzten du soilik antolakuntza eta borrokaz lortzen direla eskubideak”, nabarmendu du hitza hartu duen gazteak.
Haren esanetan, ez dira garai errazak ez langile eta herri sektoreontzat. “Egunero darabilgun hiztegian krisi hitza ageri zaigu. Krisi ekonomikoa, politikoa, soziala, ekologikoa, zaintza lanena. Mundua hankaz gora jarria du sistema kapitalista heteropatriarkal, ekozida eta arrazistak; joera autoritario eta faxistak hedatuz doaz, gerra inperialistak eraginez eta pobrezian eta prekarietatean sakonduz. Aberatsak gero eta aberatsago dira, boterea geroz eta esku gutxiagotan pilatuz doa eta langile sektorea gero eta bazterrerago utzi nahi dute”.
“Patronalak eta agintari politikoek itxi nahi dituzten ateak irekitzeko” deitu dela greba adierazi du. “Soldatek erosahalmena galdu dute, eta prezioek goraka jarraitzen dute; 300.000 langilek baino gehiagok dute 1.500 euro baino txikiagoa den soldata. Inork ez du nahi, lana gogor egin ostean, miseriazko soldata bat jaso eta bizi proiektua garatzeko estu ibili. Guk ez dugu nahi Euskal Herrian inork bizitza duinerako nahikoa diru sarrera ez izatea. Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, gutxieneko soldata hemen erabakitzea, 1.500€-ko gutxieneko soldata ezartzea”.
“Kapitalismoaren erasoaren jopuntuan”
Haien jaioterria utzi behar izan duten emakume migratuen izenean hitz egin du Danielak, eta nabarmendu du “pertsona arrazializatuak, aniztasun funtzionala dutenak, gazteak edota genero-disidenteak kapitalismoaren erasoaren jopuntuan” daudela. “Euskal Herrian ez dago errealitate horretatik salbu. Patronala eta agintari politikoak eskutik doaz aberastasun justu bat egiteko helburuan. Gutxieneko soldatarekin gauza bera gertatzen ari da. Ez dute nahi guk gutxieneko diru-sarrera bat izaterik, eta gizarte arrakalan sakondu nahi dute”.
Haren esanetan, txirotasuna eta prekarietatea “zabaltzen” ari da, eta horien ondorioak “gure gorputzek, gure osasunak, gure lan eta gizarte harremanek eta gure eskubideek” ordaintzen dituzte. “Bizitza proiektu bizigarri eta duinak ezinezko bihurtzen ari dira langile klasearentzat”. Greba Orokorra langileek duten “tresnarik indartsuena” dela adierazi du, eta greba egin ezin dutenekin gogoratu da. “Egoera irregularrean daude asko eta asko, eta horiengatik ere atera gara kalera”.
Pentsioen banaketa “diskriminatzailea”
“Agur bat greba egin duzuen langile guztioi. Agur bat greba eta mobilizazioekin bat egiteko zuen komertzioetako pertsianak itxi dituzuenoi. Agur bat jarduerak bertan behera utzi dituzuen aisialdi, kirol eta kultur eragileei ere. Agur bat ere grebarekin bat egin duzuen mugimendu eta eragile sozialei ere. Eta agur bat gutxieneko soldata propio baten defentsan bezala, gutxieneko pentsio duinen defentsan jo ta ke aritu zareten guztiei ere. Aldaketa gure esku dago!”.
Hitz horiekin hasi du bere hitzartzea pentsionisten eledunak. “Gurea elkartasuna da. Gutxieneko soldataren alde egindako ibilbideak ekarri gaitu greba deialdi honetara. Baina bizi dugun testuinguruak hamaika arrazoi gehitzeko aukera ematen digu”. Adierazi du “etxebizitzen prezioek gora” egiten jarraitzen dutela, eta “esku hartze bakarra errentisten mesedetan egiten” dela. “Zerbitzu publikoen eraispen isila eta etengabea bizi dugu; krisi ekologikoa areagotzen ari da; langileak urtero beren lanpostuetan gaixotu eta hil egiten dira patronalaren utzikeria dela; eskubideen murrizketak justifikatzen dituzte, “batzuk urrunegi joan omen direlako”; eta pentsioetan, soldatetan bezala, sexu-genero arrakalak betikotzen jarraitzen du”.
Pentsioen sistema publikoa “lanaren banaketa sexista eta diskriminatzailearen gainean” eraikita dagoela zehaztu du. “Bereizkeria sexistaren emaitzetako bat soldata arrakala da. Bidegabekeria honek, emakumeen momentuko bizi baldintzetan eta independentzia ekonomikoan kalte larria eragiteaz gain, pentsioetan ere badauka eragin beltza: emakumeon soldatak %25 baxuagoak diren bitartean, pentsioak %40 txikiagoak izatera heltzen dira”.













