Ordiziako azokara kontsumitzaile berriak erakartzeko tailerra eskainiko da bihar
Azokatik Mahaira nutrizio eta sukaldaritza tailerra egingo da Anne Otaegi sukaldariarekin eta Aitziber Aizpuru nutrizionistarekin. Azokan izango da, 11:00etatik aurrera.
Gipuzkoako azoketara kontsumitzaile berriak erakartzeko helburuarekin, dinamika berri bat jarri dute martxan Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak eta Ordiziako Udalak. Bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea ere dira ekimenaren asmo nagusiak.
‘Azokatik Mahaira nutrizio eta sukaldaritza tailerrak’ lelopean egingo da jarduera berria, eta besteak beste, bertako eta garaiko produktuak ezagutzera eman eta horiek balioan jartzeko asmoz eskainiko diren nutrizio eta sukaldaritza tailerretan oinarrituko da. Ordizian ez ezik, Gipuzkoako beste 10 azoketan ere aurrera eramango da. Anne Otaegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatutako saioak izango dira.
Bihar, asteazkenarekin batera, egingo da aurreneko saioa, goizeko 11:00etan, azokan bertan. Herritar guztiei irekia izango da, eta parte hartzeko nahikoa izango da azokara gerturatzea. Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du.













